Politika -

sanchez-feijoo aurrez aurrekoa

Feijook babesa eskaini dio Sanchezi Podemoseko ministroek kargua utzi eta aliatuekin harremana apurtuz gero

Egoera ekonomiko eta energetikoari dagokionez, Feijook Gobernuari proposatu dio betebeharrak, zigorrak eta isunak ezarri ordez, energiaren ordainagirian deskontu zuzenekin saritzeko kontsumitzaileak, familiak eta ETEak.

PPko liderra, astearte honetako agerraldian. Argazkia: EFE
PPko liderra, astearte honetako agerraldian. Argazkia: EFE
PPko liderra, astearte honetako agerraldian. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nuñez Feijoo PPko liderrak haren alderdiaren babesa eskaini dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidenteari legegintzaldi honetako agintaldia burutzeko, Unidas Podemosekin eta haren kide parlamentarioekin (ERC edo Bildu, kasu) harremana eteteko gai izatekotan.

Hala helarazi du Senatuko batzarrean egindako agerraldian, Exekutiboko buruak egoera energetikoa aztertu ostean. Orain arte inprobisazioz jardutea leporatu dio, eta hurrengo hauteskundeetako zalantza "demoskopikoei" soilik erantzuten.

"Espainian inork ez du uste Bildu PP baino eraikitzaileagoa denik. Espainian inork ez du uste elkarrizketa mahai bat errazagoa denik ERCrekin PPrekin baino. Espainian inork ez du uste burutazio gehiago botako dizunik PPk Podemosek baino", bota dio PPko liderrak Sanchezi.

Hala, Feijook ohartarazi du Espainiak ez duela gobernu "aldakor" eta "menpekorik" merezi, eta "aliatuekin harremana eteteko" aholkatu dio, "izendatu gabeko" ministroek eta "Espainiaren une kritikoaren parean ez dauden" titularrek kargua uztearekin batera.

"Bila ezazu babesa alternatiba haragitzen duen alderdian", eskatu dio Feijook presidenteari, eta nabarmendu du proposamen hori ez dela nahasgarria, PP "inoiz" ez baita bere "behin betiko aliatua" izango, baina bai bere herrialdearena.

Egoera ekonomiko eta energetikoari dagokionez, Feijook Gobernuari proposatu dio betebeharrak, zigorrak eta isunak ezarri ordez, energiaren ordainagirian deskontu zuzenekin saritzeko kontsumitzaileak, familiak eta ETEak. Era berean, presidenteari eskatu dio "honaino ekarri gaituen intransigentzia energetikoa" zuzentzeko.

Gaineratu du Espainiak ezin duela industria jarduera erortzea onartu, eta laguntzak eskatu ditu, ez modernizatzeko, enpresek itxi ez dezaten baizik, "ezer gutxirako" balio baitu "itxita dagoena modernizatzeak".

"Energia berriztagarrien aldeko apustu masiboa" ere defendatu du, hori zailtzen duten traba burokratrikoak alde batera utziz, eta energia sortzeko eskuragai dauden iturri guztiak aprobetxatzea iradoki du.

Gainera, berriz azpimarratu du gasarekiko eta elektrizitatearekiko BEZaren beherapenak neguan zehar ere luzatzeko eskaera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainiako Gobernua albisteak Pedro Sánchez argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Alberto Núñez Feijóo