Politika -
URTE POLITIKOAREN HASIERA
Otegi: "Atzeraldi ekonomikoa euren intereserako neurriak hartzen dituzten elite batzuen ondorioa da"
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak horrela erantzun dio lehendakariari, eta egungo atzeraldi ekonomikoa eta krisi energetikoa eteteko neurriak daudela esan du, baina "borondate kontua" dela gaineratu du.
EITB MEDIA
Arnado Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du Ukrainako gerrak eragindako egoera ekonomikoa "euren intereserako neurriak hartzen dituzten elite batzuen ondorioa" dela, eta gaineratu du badaudela egungo krisiari aurre egiteko neurriak, baina "borondate kontua" dela.
EH Bilduko buruak defendatu du beharrezkoa dela "jendeari azaltzea udazken gogorra izango dugula, batzuek, elite ekonomikoek eta politikoek, euren interesengatik gerra luzatzea erabaki dutelako", eta ukatu egin du egoera hori "atzeraezina" denik, "beste era bateko neurriak har daitezkeelako eta hartu behar direlako".
Urte politikoaren hasierako egoera politikoa aztertzeko EH Bilduren Mahai Politikoaren bileran, Otegik ohartarazi du "udazken gogorra" izango dela.
Halaber, azaldu duenez, "mundua ez da aldatuko egiturazko neurriak hartzen ez badira", eta neurri horiek eta aringarriak "lehenbailehen" hartu behar direla azpimarratu du.
EH Bilduk proposatzen dituen neurri "alternatiboen" artean, "erreforma fiskala" egiteko beharra eta sektore estrategikoen eskuhartzea aipatu ditu, hala nola energia eta higiezinen merkatua. "Politika jendearen arazoak konpontzeko da, ez hauteskundeetako galdeketetan gora egiteko", adierazi du.
Otegiren ustez, "udazken gogorra" datorrela edo "ekaitza" etorriko dela esaten duten arduradun politikoen ohartarazpenek, Iñigo Urkullu lehendakariak joan den asteartean adierazi zuen bezala, "atzeraldian sartzeko arriskua dagoela, inflazioa areagotu, lehengaiak igo eta gauza jakin batzuk urritu egingo direla ezkutatu nahi dute".
Ildo horretan, egoera hau "hartu beharreko erabakiak eta neurriak hartuz gero gelditu daitekeela" defendatu du, eta borondate kontua dela gaineratu du. "Armen bidalketa gelditu behar da, Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkan desmilitarizatu eta deseskalatu, negoziazio mahai batean eseri eta irtenbide politikoa bilatu", esan du.