Politika -
Justizia
Europako Auzitegiko Abokatu Nagusiak ez du arrazoirik ikusi Puigdemont Espainiaratzeko eskaera ukatzeko
Arrazoia eman dio Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari, ez baitago Espainian auzipetuen eskubideak arriskuan jar ditzaketen akats "sistemiko edo orokortuen" frogarik, eta ezin dituelako Gorenak euroagindu horiek emateko agintaritza gisa dituen eskumenak zalantzan jarri.
O. P. | EITB Media
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak ostegun honetan adierazi duenez, Belgikako Justiziak ezin du errefusatu Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak eskatutako 'Proces' auziko auzipetuen entrega, tartean, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiarena.
Jean Richard de la Tour abokatuak ohartarazi duenez, entrega horiek baztertzeko, "datu objektibo, fidagarri, zehatz eta behar bezala eguneratuekin" frogatu beharko litzateke benetan arriskuan egon daitezkeela auzipetuen oinarrizko eskubideak, Estatu kide igorlearen sistema judizialaren funtzionamenduan akats "sistemiko edo orokortuak" daudelako. Europako Batzordeak, haatik, Tratatuen zaindari zen aldetik, Luxenburgon egindako ikustaldi judizialean ziurtatu zuen ez zegoela halako arazorik.
Era berean, abokatuak adierazi du Belgikako auzitegiek ezin dituztela zalantzan jarri Gorenak euroagindu horiek emateko agintaritza gisa dituen eskumenak; izan ere, agintari judizial betearazleak sakon egiaztatu nahi izatea, akats sistemiko edo orokorrik egon gabe, arriskuan egon daitezkeen ala ez erreklamatuaren oinarrizko eskubideak, EBk euroaginduei buruz emandako arauen "kontrako mesfidantza adieraztea baino ez litzateke", besteak beste, "elkarrekiko konfiantzaren printzipioa" haustea. Abokatuaren hitzetan, "berebiziko garrantzia" du arau horrek estatu kideen artean nahitaez aplikatu beharrekoa da EBren barruan mugarik gabeko espazioa babesteko eta lankidetza judiziala sinplifikatzeko, "zigorgabetasunaren aurka borrokatzeko".
Llarenak Europako Justiziara jo zuen argitzeko, alde batetik, Auzitegi Gorenak hainbat auzipeturen -besteak beste, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia- aurka emandako Atxilotzeko eta Entregatzeko Europako Aginduak (OEDE) norainokoak ziren eta, bestetik, euroagindu horiek betearaztea ukatzeko arrazoiak zeintzuk ziren.
Auzitegi Goreneko magistratuak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari zuzendu zion auzia 2021eko martxoan, Belgikako Justiziak Lluis Puig kontseilari ohia Espainiako agintarien esku uztea baztertu ondoren, haren estradizioa eskatzeko auzitegi eskuduna Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia izan beharko litzatekeela iritzita, eta Espainian entregatuz gero, oinarrizko eskubideak. hala nola errugabetasun-presuntzioa, arriskuan jar litezkeela iritzita.
Abokatu nagusiaren iritzia ez da loteslea Europar Batasuneko Justizia Auzitegiarentzat, baina kasu gehienetan Europako Justiziak emandako epaiek irizpen horiek markatutako ildoari jarraitzen diote.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Juntseko eurodiputatuak ostegun honetan onartu duenez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren erabakiak ez ditu asebete, eta ez da espero zutena, baina "azkeneraino" borrokatuko direla azpimarratu du.
Hala adierazi du Twitterren duen kontuan. Azaldu duenez, "kontraesan argiak" ikusten dituzte ostegun honetan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako iritziaren eta Auzitegi horrek berak berriki ezarritako jurisprudentziaren artean. Zalantza horiek aurki argitzea espero du. "Nolanahi ere, lehenago egin dugun bidea berriz egin beharko dugu, lehen baino esperientzia handiagoarekin. Eskubide eta aukera bakoitzaren alde borrokatuko gara. Azkeneraino. Ez dugu amore emango, ez dugu etsiko", azpimarratu du Puigdemontek.