Politika -
Babes helegitea
Konstituzionalak ez du Sorturen helegitea aztertu lehen bilkuran
Epaiaren egileak alderdi abertzalea legeztatzea proposatu die gainerako epaileei.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkuraren lehen egunean ez dute aztertu Auzitegi Gorenak Sortu alderdi politiko gisa inskribatzea debekatzeko erabakiaren aurrean Sortuk jarri zuen babes helegitea, baina kontu hori aste honetako gai-zerrendan jasota dago.
Hala jakinarazi dute Auzitegiko iturriek, baina ez dute zehaztu asteazkenean edo ostegunean aztertuko duten.
Epaia Elisa Perez Vera progresistak idatziko du, hau da, iazko maiatzean Bildu hauteskundeetara aurkeztearen alde egin zuen sei epaileetako batek.
Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Perez Verak alderdi abertzalea legeztatzea proposatu du duela egun batzuk gainerako epaileei igorritako zirriborro batean.
Konstituzionalean aurkeztutako babes helegitean, Sortuk Bilduren alde agertu ziren epaileen argudioak erabili ditu.
Hori horrela, Sorturen ilegalizazioa "prebentiboa" izan dela eta horrek Konstituzio Estatua "arriskuan" jartzen duela argudiatu du Iñigo Iruin abokatuak.
Halaber, legegintzaldian barrena Sortuk legea urratuko balu, Estatuak alderdi horren aurka egiteko mekanismoak izango lituzkeela gogorarazi du.