Politika -
Urteurrena
25 urte bete dira Jose Antonio Ortega Lara askatu zutenetik; ETAren bahiketa luzeena izan zen
Garai hartan, Ortega Lara espetxe-funtzionarioa zen. 1996ko urtarrilaren 17an bahitu zuten, eta 1997ko uztailaren 1ean askatu. 532 egun eman zituen Arrasateko industria-pabiloi bateko zulo batean.
EITB MEDIA
Ostiral honetan, uztailak 1, 25 urte bete dira Jose Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioa askatu zutenetik. 1996ko urtarrilaren 17an bahitu zuen ETAk, eta 1997ko uztailaren 1ean askatu zuen Guardia Zibilak, 532 egunen buruan. ETAk egindako bahiketarik luzeena izan zen. Ortega Lara Arrasaten egon zen bahituta, zulo batean sartuta, jarduerarik ez zuen industria-pabiloi batean.
Bahitu zutenean, Ortega Lara Logroñoko kartzelan zegoen lanean, espetxe-funtzionario gisa. 1996ko urtarrilaren 17an, lan-txanda amaituta, ETAk bahitu zuen. Beste bahiketetan ez bezala, ETAk ez zuen dirurik eskatu askapenaren trukean; izan ere, galdegin zuen bere presoen aurkako errepresioa amai zedin, eta horiek euskal espetxeetan berriz elkartzea.
Ondorengo hilabeteetan, hainbat albiste izan ziren arlo politikoan eta bahiketarekin lotuta. 1996ko martxoan, PPk hauteskunde orokorrak irabazi zituen, eta, 1982tik lehen aldiz, PSOEk Espainiako Gobernua utzi zuen; ekainean, Ajuria Eneako Mahaiak eskaintza egin zion ETAri: Ortega askatuz gero, elkarrizketarako epe bat irekiko zuten. Espainiako Gobernuak, halaber, ETAko 28 preso Euskal Herriko kartzeletara eraman zituen. Nolanahi ere, Jaime Mayor Oreja Espainiako Gobernuko Barne ministroak erabaki zuen ez zuela aldaketarik egingo espetxe-politikan. Ekainean ere, manifestazio oso jendetsua izan zen Bilbon, bahitutako espetxe-funtzionarioaren askapena aldarrikatzea helburu.
Askatu zutenean, Jose Antonio Ortega Larak 39 urte zituen. Bahiketako 532 egunak zulo batean pasa zituen; zuloa hiru metro luze eta bi metro zabal zen, eta 1,80 metroko altuera zuen. 23 kilo galdu zituen urte eta erdi hartan, eta, askapena eginda, atrofia muskularreko sintomak zituen. Espetxe-funtzionario ohia AVT biktimen elkarteko eta Vox ultraeskuineko alderdiaren kidea da egun.
Ortega Lararen askapenaren egunean bertan, Guardia Zibila Arrasateko pabiloian sartu baino ordu batzuk lehenago, ETAk Cosme Delclaux bizkaitar enpresaria askatu zuen. Delclauxek 232 egun eman zituen bahituta.