Politika -

Maskarak

Tomas Diaz Ayusoren maskaren erosketari buruzko ikerketa artxibatu du Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak

Fiskaltzak ez du arau-hauste penalen zantzurik aurkitu, eta kasua itxi du; ez du iritzik eman Europako Fiskaltza ikertzen ari den "dirua bidegabe erabiltzearen balizko delituei" buruz. Isabel Díaz Ayuso eta Madrilgo Osasun sailburua pozik agertu dira albistearen berri izatean.

Isabel Díaz Ayuso. EFEren artxiboko irudia.
Isabel Díaz Ayuso. EFEren artxiboko irudia.
Isabel Díaz Ayuso. EFEren artxiboko irudia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Tomas Díaz Ayusori, Isabel Díaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen anaiari, lotutako maskarak erosteko larrialdi-kontratuari buruzko ikerketa artxibatzea erabaki du, "arau-hauste penalak egin izanaren zantzurik ez dagoelako".

Ostegun honetan bertan sinatutako dekretu baten bidez, Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako fiskalburuak itxi egin du PSOEk, Podemosek eta Mas Madridek salatutako gertakarien auzia. Ez du, halaber, inolako adierazpenik egin Europako Fiskaltza ikertzen ari den Europako funtsen balizko erabilera bidegabeen inguruko delituei buruz.

Isabel Díaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak ikerketa artxibatzea txalotu du, eta azpimarratu du artxibatu bada, hori dela "Madrilgo Erkidegoan ustelkeriarik ez dagoelako, Madrilgo Erkidegoan ustelkeriarik egon ez delako, Madrilgo Erkidegoko presidente naizenetik erabaki bakar bat ere hartu ez dudalako, senide edo lagun bakar bati madrildar guztien ondareaz baliatuta laguntzeko".

Hala, ezkerreko alderdiei zuzendu zaie esanez "20 aldiz" eraman dutela auzitegietara, eta justiziak, epaileek eta fiskalek, bere hitzetan, "20 aldiz esan dute faltsukeriak direla". Bere ustez,  ezkerrak "Parlamentua eta erakundeak erabili" dituzte Gobernuaren izena zikintzeko.

Enrique Ruiz Escudero Madrilgo Erkidegoko Osasun sailburuak, bestalde, ostegun honetan azpimarratu du Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak maskarak erosteko larrialdi-kontratuari buruzko ikerketa artxibatzeko hartutako erabakiak bermatu egiten duela eskualdeko Gobernuak pandemian zehar osasun-materiala erosteko izan duen jokabidea.

Halaber, berretsi du Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak ikerketa ireki zuenetik erkidegoko Gobernuak beti esan izan duela pandemiaren lehen olatuan ez zela inolako irregulartasunik egon kontratazio-prozesuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Delituak Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril Maskarak