Politika -

Bizkaiko Ogasuna

Fiskaltzak artxibatu egin du Melchor Gilen kontrako kereila

PSE-EEko ordezkari eta lehendakariaren koinatuaren kontra irekitako ikerketa amaitutzat jo du Fiskaltzak, ez baitu egiaztatu ''delitu izan daitezkeen ekintzarik''.

Melchor Gil (artxiboko irudia) EITB
Fiskaltzak artxibatu egin du Melchor Gilen kontrako kereila
Melchor Gil (artxiboko irudia) EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Fiskaltzak Melchor Gil PSE-EEko ordezkariaren kontra irekitako ikerketa artxibatzea erabaki du, ez baitu egiaztatu ''delitu izan daitekeen ekintzarik''.

Fiskaltzak jakitera eman dutenez, Gilek Castro Urdialesen (Kantabria) txaleta erosteko erabilitako diru-sarreren inguruko ikerketa artxibatzea agindu zuen Bizkaiko fiskal nagusiak maiatzaren 6an.

Bizkaiko Ogasun Sailak Gil ikertu zuen, txalet hori ordaintzeko gastuek Bizkaiko PSE-EEko idazkariordeak 2005 eta 2009 bitartean izandako diru-sarrerekin bat egiten ez zutela susmatuta. Ogasunaren ustez, etxebizitza hori erosteko erabilitako 419.000 euroak errenta aitorpenean ezkutatu egin zituen Gilek, eta, iruzur fiskala egotzita, PSE-EEko kidea ikertzea eskatu zion 2010ean Fiskaltzari.

Ministerio Publikoak, baina, salaketa artxibatu zuen, iruzurrik ez zegoela iritzita. Izan ere, iruzur fiskala egon dadin, urtean 120.000 euro baino gehiagokoa izan behar da ezkutatutakoa.

Urtarrilean, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailak auzia ikertzeko eskatu zion berriz Fiskaltzari, eta, orain, ikerketa hori artxibatu egin dute.

Itzuli beharreko mailegua

Ikerketa artxibatzeko dekretuan jasotzen denez, Fiskaltzak egiaztatu egin du hainbat lagunek mailegua eskaini ziotela PSE-EEko kideari, eta diru-kopuru ''garrantzitsu'' hori itzuli beharra zuela Gilek. Idatzian, fiskalak zehaztu du ez dagoela mailegu hori Gilen jarduera politiko edo publikoarekin lotura duela egiaztatzen duen elementurik, eta, beraz, ez dagoela delitua egin izana frogatzen duten daturik.

Aldundiak ez du baloraziorik egin

Ikerketa artxibatzeko erabakia jakin ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du baloraziorik egin nahi izan. ''Aldundiak egin behar zuena egin zuen'', esan dute soilik.

Gilen salaketa, espedientearen filtrazioagatik

Joan den martxoaren 12an, hainbat komunikabidek ikerketa horren nondik norakoak argitaratu zituzten, erredakzioan Gilen espedientea jaso ondoren (gutun-azal anonimo batean iritsi zitzaien espedientea, mezulari batek igorrita).

Gilek, orduan, filtrazioa salatu zuen Datuak Babesteko Bulegoan, eta PSEren kontrako estrategia bultzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Saila erabiltzen aritzea leporatu zion EAJri.Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak ere Gilen kasuan "intentzionalitate politikoa" zegoela eta segurtasun juridikoari eragiten ziola salatu zuen.Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, barne ikerketa ireki zuen, filtrazioa bertatik atera ote zen argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea