Politika -
Autogobernua
Zupiriak eta Mendiak autogobernuari buruzko jarrerak zehaztu dituzte
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du bi alderdien arteko gobernu akordioak Gernikako Estatutua betetzea jasotzen duela. Idoia Mendia sailburuak, bestalde, gogorarazi du estatus berria koalizio gobernuaren programatik kanpo geratu zela.
Mikel Dominguez | EITB Media
Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak Euskal Autonomia Erkidegorako estatus berri baten inguruan dituzten desadostasunak Eusko Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenetan ere azaleratu dira, Iñigo Urkullu lehendakariak Korsikatik "Estatu eredu berri bat" eskatu eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Urkulluk "modu pertsonalean" hitz egiten zuela erantzun ondoren.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "EAJren eta PSE-EEren arteko aditze maila handia dela toki guztietan", Pedro Sanchezen Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei eta EAEko udalei dagokienez.
Jeltzaleak "koalizioko bi alderdiak eta bien artean dauden konpromisoak" ordezkatzen ditu bozeramaile gisa, eta gogorarazi du bi alderdiek adostutako gobernu programaren gakoetako bat Gernikako Estatutua betetzea dela; zehazki, "autogobernu gehiago eta hobea". Legegintzaldiko konpromisoak bete ahal izateko epea "urtebete edo bi urteren buruan" bukatuko da, eta, beraz, "hartutako konpromisoak betetzeko daudela" gogorarazi du.
Bozeramailea pozik agertu da Espainiako Gobernuak Estatutua bere osotasunean betearazteko hartutako konpromisoagatik, gai hori baita "guztiok gutxiago hitz egin eta lan gehiago egin beharko genukeen korapilo gordiarra". Horretan zentratzeko deia egin du, "publikoki eta modu pribatuan".
Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburu eta lehendakariordeak gogorarazi duenez, "Estatus berriaren gaia" koalizio gobernu programatik kanpo geratu zen. Hartutako konpromisoak "autogobernu gehiago" eta "enplegu gehiago" izan ziren.
"Gu autogobernu gehiagorekin konprometituta gaude, eta, batez ere, enplegu gehiagorekin, hori baita gure gobernu programaren ardatz nagusietako bat", gaineratu du lehendakariorde sozialistak.
Zentzu horretan, Mendiak enpleguaren erronkari aurre egiteko "autogobernuak ematen duen gaitasun guztiak" erabiltzea eskatu du, batez ere "garai latz" hauetan "erantzukizuna eta ikuspegi zabala" behar baitira.