Politika -
memoria historikoa
Tomas Rubin EAE-ANVren gudariaren familiak horren gorpuzkiak jaso ditu, hil eta 85 urtera
Urtarrilean atera zituzten gorpuzkiak Begoñako hilerriko hobi komunetik. Hain justu, leku berean topatutako bost identifikazio-xaflei esker, beste bost borrokalariren izen-abizenak jakinarazi dituzte gaur.
EITB MEDIA
Angel Rubin Tomas Rubin EAE-ANVren gudariaren semeak aitaren gorpuzkiak jaso ditu gaur, hil eta 85 urtera, Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuak Begoñako hilerrian (Bilbo) antolatutako ekitaldi batean.
Rubinek, lanbidez igeltseroa zen bilbotarrak, Gerra Zibilean gudari gisa borrokatu zuen, 1936ko azaroan, Legutioko borroketan, zauritu eta handik gutxira hil zen arte. Kontua da sendiak ez zekiela aitaren gorpuzkiak non zeuden, kasua dokumentatuta zegoen arren. Izan ere, Gogorak egindako ikerketaren arabera, Begoñako hilerrian lurperatuta zegoen.
Horri esker, familia aurtengo urtarrilean egindako desobiratzean egon izan zen eta DNA laginen erkaketari esker, Tomas Rubin modu genetikoan identifikatu ahal izan da eta azkenik, haren gorpuzkiak familiari eman ahal izan zaizkio gaur Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Ekitaldi berean, hilerri horretako hobian lurperatuta zeuden beste bost gudariren izen-abizenak jakinarazi dituzte. Hobian bost identifikazio-xafla aurkitu zituzten, eta pertsona horiek nortzuk ziren jakiteko modua izan du Jaurlaritzak. Honakoak dira: Ramon Crespo Ortiz, Fernando La Hera Urrutia eta Angel Perez Puertas UGT sindikatuari atxikitako 'Jean Jaures' batailoiko milizianoak; Inazio Lopetegi Oliden, STVko 'San Andres' batailoiko gudaria, eta Lucas Galvete Gainza, Izquierda Republicanako 'Capitan Casero' batailoiko milizianoa.
Bost kasu horietan, biktimak nortzuk diren jakiteaz gain, senitartekoak ere topatu ahal izan dituzte, eta horri esker, gaurko ekitaldian izan dira. Dokumentazio historikoari esker identifikatu dituzte bostak, baina DNI laginekin baieztatu beharko dute.
Ekitaldian Martin Fabo Coberaren familia ere egon da, eta haren kasua Tomas Rubinenaren oso antzekoa da. Faboren gorpuzkiak martxoan atera zituzten Begoñako hilerritik, eta DNA laginak erkatu eta identifikatu ondoren, familiari emango dizkiote. Martin Fabo, Martzillakoa (Nafarroa) sortzez, EAJren 'Otxandiano' batailoian borrokatu zen, eta Bilbon hil zen 1937ko maiatzean.
64 familiarekin harremanetan dago Gogora
Era berean, Begoñako hilerriaren hobian topatutako 37 pertsonen gorpuzkiak norenak diren ikertzen jarraitzen dute. Aurreikuspenen arabera, datorren udaberrirako bukatuko dituzte identifikazio lanok.
Prozesu horretan, Gogora institutua 64 familiarekin jarri da hartu-emanetan Gogora Institutua. Horien kasuak bat datoz identifikatu nahi diren biktimenarekin, hots, gudaria, Artxanda mendiko borroketan hil zena (Bilbo erori aurretik, ekainaren 14tik 18ra bitartean) eta non lurperatu ez dakitela.
64 kasu horiek babes dokumental eta lekukotza maila ezberdina dute, hau da: kasu batzuetan, kasuari babesa ematen dioten dokumentazio historikoa (ikerketak eta/edo elizako dokumentuak) daude, eta beste batzuetan, senide bat Artxandako borroketan desagertu zela egiaztatzeko familiaren testigantza baino ez dago.
64 familia horietatik 12k lagina eman zioten Gogoraren DNA bankuari. Gainerakoak lagin genetikoa hartzeko prozesuan daude, ondoren hobitik ateratako hondakinetatik ateratako laginekin alderatzeko.
"Herri honen duintasuna hobietan ere badago"
Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak memoriari buruzko politika orokorrak indartzeko konpromisoa eusten dio, eta, bereziki, Euskadin Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta berreskuratzearekin zerikusia dutenak.
"Hori egitea betebehar bat da, betebehar demokratiko, instituzional, sozial eta moral bat" eta gaineratu du: "Herri honen duintasuna askatasunaren alde borrokatu ziren gudarien eta milizianoen hilobietan eta gorpuzkietan ere badago. Haien gorpuzkiak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatu behar ditugu".