Politika -

ELKARRIZKETA ETB1-N

Erkoreka: "Lehendakariaren telefonoan ez dugu infekziorik aurkitu, eta oraingoz sailburuenetan ere ez"

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren arabera, komunikazioak entzutearena aspaldiko kontua da, baina, oro har, epailearen baimenak oso mugatuak izaten dira. Horregatik dio orain gertatu dena bestelako kontu bat dela eta kezkagarria dela.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua goizean "Egun On Euskadi" saioan.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua goizean "Egun On Euskadi" saioan.
Josu Erkoreka: "Ditugun tresnekin lehendakariaren telefonoan ez dugu infekziorik aurkitu"

04:19

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, "gure tresnak konprobatu ahal duten heinean" ez da lehendakariaren telefonoan infekziorik atzeman, eta, sailburuen kasuan, oraindik ikertzen ari badira ere, oraingoz behintzat Pegasusen arrastorik ez da atzeman.

ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan asteazken honetan egin dioten elkarrizketa batean Segurtasun sailburuak esan du entzunketena ez dela gauza berria, baina orain arte epaileen baimenak oso mugatuak izan direla: "Nik ezagutzen ditudan baimenak oso zehatzak izaten dira, arrazoi sendoak eta potoloak daudenean norbait zelatatzeko, atzean delitu bat egon daitekeelako. Hemen beste gauza batez hitz egiten ari gara eta hori da kezkagarria", azaldu du. 

Gauzak horrela, Erkorekak uste du "dokumentuen desklasifikazioa egitea" benetan interesgarria izango litzatekeela.

Paz Estebanen kargugabetzeaz, berriz, Segurtasun sailburuak adierazi du "joko politikoa" dagoela atzean eta Espainiako Gobernuak beste babes batzuk izango balitu, seguruenik ez lukeela horrelako erabaki bat hartuko: "Nik ez dakit zer gertatu den hor barruan, baina beste babes politiko bat izango balu, ziur asko ez zela dimisiorik izango", azaldu du. Erkorekaren aburuz susmoak daude presioa izan dela hori gertatzeko.

Ertzaintzaren baliabide faltari buruzko salaketen aurrean bere sailak zein asmo duen galdetzean, Erkorekak gogoratu du baliabideak urtero berritzen direla, eta urteko aurrekontuetan sartzen direla "ertzaintzak dituen baliabideak indartzeko, batez ere teknologiaren esparruan". Dena dela zein baliabidez hitz egiten ari diren zehaztea eskatu du salaketa horiek egiten dituztenei; izan ere, bere esanetan, zehaztea eskatu bai, baina ez dute esaten zehazt-mehatz zer falta den.

Erkorekak ez du "gorroto-faktore bat" baztertu Bilboko ustezko krimenetan

Bilboko krimenei dagokienez, Segurtasuneko sailburuak adierazi du ez dela ausartzen ukatzen ekonomikoaz gain, LGTBI kolektiboarekiko "gorroto-faktore bat" egon zitekeela.

Ikerketa "luzea izango da eta ez da hilabeteetan konponduko", izan ere, "froga asko aztertu behar dira", ohartarazi du Erkorekak, eta "zuhurtziaz jokatzeko" eskatu du, "oso gai delikatua delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Telebista Euskal Herrian Gaurko titularrak Albisteak Egun on Euskadi