Politika -

Espainiako monarkia

2,5 milioi euro baino gehiagoko ondare pertsonala duela iragarri du Felipe VI.a erregeak

Ia aldi berean, Errege Etxearen egitura eta funtzionamendua erreformatzeko dekretua onartuko duela iragarri du Espainiako Gobernuak.

Felipe VI.a erregea. Artxiboko argazkia: EFE
Felipe VI.a erregea. Artxiboko argazkia: EFE
Felipe VI.a erregea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe VI.a Espainiako erregeak 2,5 milioi euro baino gehiagoko ondare pertsonalaren berri eman du. Zarzuelak jakitera eman duenez, "erabaki pertsonala izan da, Koroa modernizatzeko saiakeren baitan".

Konkretuki, monarkak 2.573.392, 80 euroko ondarearen berri eman du.

Horietatik 2,2 milioi euro inguru kontu korronteko gordailu edo aurrezkiak dira, eta 300.000 bat euro artelanak, antzinako gauzak eta bitxiak, Erregearen Etxeak jakinarazi duenez.

Ondarea azken 25 urteetan, Asturiasko printze gisa aurrena, eta 2014tik errege bezala ondoren, irabazitakoaren ondorio litzateke. Epe horretan Felipe VI.ak lau milioi euro baino gehiago bereganatu ditu.

Ia aldi berean, Errege Etxearen egitura eta funtzionamendua erreformatzeko dekretua onartuko duela iragarri du Espainiako Gobernuak.

Moncloaren hitzetan, errege-dekretuak Errege Etxearen gardentasuna, kontuak emateko gaitasuna, eraginkortasuna eta eredugarritasuna indartuko ditu, "Felipe VI.aren erregetza zuzendu duten printzipioei jarraituz".

Erregearen Etxeak erabakiaren berri eman die azken egunetan Espainiako Gobernuari, PPri eta beste alderdi batzuei, ERC, Junts, EH Bildu, BNG eta CUPi izan ezik, "1978ko Konstituzioaren aurka dauden" indar politikoak direlako.

Alderdi independentista horiek kanpoan uzteko erabakia Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak ezarritako doktrinan oinarritu du Errege Etxeak. Doktrinaren arabera, Koroa erreformatzeko balizko neurriak "1978ko Konstituzioan dauden alderdiekin" soilik eztabaidatuko dira.

Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramailearen ahotan, "makillaje" hutsa da. Erregea bortxaezina den bitartean gardentasun neurriak eraginkorrak izango ez direla kritikatu du.

"Erregea bortxaezina den bitartean, erregeak aitortzen duen ondarea benetakoa den jakitea ezinezkoa da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako edozein errege-dekretu urratu dezake inolako ondoriorik gabe", azaldu du Twitter sare sozialean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Felipe VI.a Espainia Eguneko albisteak Albisteak