Politika -

hauteskundeak frantzian

Abian da Frantziako hauteskundeen bigarren itzulirako kanpaina

Le Penek ekitaldia egin zuen ostegunean, eta Macron, berriz, larunbatean egitekoa da. Datorren asteazkenean izango dute bi hautagaiek aurrez aurreko eztabaida bakarra, apirilaren 24ko hitzorduaren aurretik.

Macron eta Le Pen, 'Le Figaro' egunkariaren lehen orrialdean. Argazkia: EFE
Macron eta Le Pen, 'Le Figaro' egunkariaren lehen orrialdean. Argazkia: EFE
Macron eta Le Pen, 'Le Figaro' egunkariaren lehen orrialdean. Argazkia: EFE

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian, ostiral honetan hasiko da ofizialki bigarren itzulirako hauteskunde kanpaina, igandeko lehen itzulitik etenik izan ez arren. Macron eta Le Pen hautagaiak mezuak indartzen ari dira apirilaren 24ko hitzorduari begira.

Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarrak ekitaldia egin zuen Avignonen ostegun gauean; Jean-Luc Melenchonek irabazi zuen hirian, hain zuzen. Macronek Frantzia "banatu eta zauritu" duela esan zuen eta, haren arabera, Macroni botoa haren bozkari onurak atera dizkiotenek emango diote.

Emmanuel Macron liberalak, berriz, Marseillan egingo du ekitaldia larunbat honetan. Lehenago, ostiralean, Notre Dame katedrala berritzeko lanak bisitatu ditu, kiskali zenetik hiru urte bete diren egunean.

Nicolas Sarkozyren babesa jaso eta gero, beste presidente ohi batek ere egin du Macronen alde: hain zuzen ere, François Hollandek herritarrei eskatu die uneko presidenteari eman diezaiotela botoa.

Datorren asteazkenean izango dute bi hautagaiek aurrez aurreko eztabaida bakarra.

Ikasleen protestak

Testuinguru honetan, Sorbonan itxialdia egiten ari ziren ikasleek bukatutzat jo dute protesta, Frantziako polizia operazio bat prestatzen ari zela jakin dutenean.

Hauteskundeetako bigarren itzuliaren atarian, asteazkenean abiatu ziren protestak hainbat unibertsitatetan, "Ez Macron, ez Le Pen" lelopean. Sorbonako unibertsitatean, batik bat, gazte ugari batu ziren mobilizaziora, poliziari entzungor eginez.

Orain, protestak eten ondoren jakinarazi dutenez, asanblada bidez erabakiko dituzte hurrengo urratsak.

Momentuz, larunbatean eskuin muturraren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak Frantzia gaur Emmanuel Macron Hauteskundeak gaur