Politika -

Saio monografikoa

EAJk eta PSEk Podemos eta PP+Cs koalizioen zenbait proposamen babestu dituzte, baina EH Bilduren bat ere ez

EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemos-IUren hamar ekimen inguru babestu dituzte, eta PP+Cs koalizioaren beste horrenbeste. EH Bilduk aurkeztutako bat bera ere ez dute onartu, guztiak atzera bota ditu Ganberak, ezta Vox ultraeskuineko alderdiarenak ere.

Eusko Legebiltzarra. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Eusko Legebiltzarra. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EAJk eta PSE-EEk akordioak itxi dituzte E. Podemosekin eta PP+Cs-ekin, baina ez EH Bildurekin

4:41

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs koalizioen zenbait proposamen babestu dituzte Eusko Legebiltzarrean, Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko. EH Bildurekin eta Vox ultraeskuineko alderdiarekin, ordea, ez da akordiorik izan.

EH Bilduk eskatuta, gerrak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko neurriak eztabaidatzeko saio monografiko luzea egin ondoren, Ganberak talde politikoen 180 proposamen inguru bozkatu ditu.

Iñigo Urkullu lehendakariak saioan zehar erreskate sozial eta ekonomikorako 200 milioi euroko bi funts iragarri ostean egin dute bozketa. Dirua Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzaren soberakinetatik (1.877 milioi euro) aterako dute.

"Erreskate sozialerako" funtsak 15 milioi euro izango ditu, eta "erreskate ekonomikorako" funtsak beste 143 milioi euro. Azken horri beste 40 milioi euro gehitu behar zaizkio enpresentzako abal eta finantziazio lerroetan.

Bi koalizioen 20 bat ekimen babestu dituzte

EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemos-IUren hamar ekimen inguru babestu dituzte, eta PP+Cs koalizioaren beste horrenbeste. EH Bilduk aurkeztutako bat bera ere ez dute onartu, guztiak atzera bota ditu Ganberak, ezta Vox ultraeskuineko alderdiarenak ere.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzako bazkideen adosteko borondate falta deitoratu du. Casanovaren hitzetan, Gobernuak "txeke zuriak" bakarrik nahi ditu. Hala ere, elkarrizketarako prest agertu da.

EAJk eta PSE-EEk onartutako ekimenen artean, gizarte babes eta pobrezia energetikoa murrizteko programak erreskate funts batekin indartzea eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari, larrialdi sozialeko diru-laguntzak eta bazterketa arriskuan diren pertsonen integrazioa areagotzeko.

Era berean, Jaurlaritzaren eskumenak baliatuz, neurri sorta ekonomiko, finantziero eta fiskalak garatzea eskatu dio Ganberak Gobernuari, ekonomia suspertzeko, enplegua mantentzeko eta pertsona zein familia zaurgarrienak babesteko.

Elkarrekin Podemos-IU ezkerreko koalizioarekin

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako ekimenen artean, enpresen likidezia eta finantziazioa errazteko baliabideak areagotzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Bestalde, "burujabetza energetikoan" eta etxebizitzen zein enpresen kostu energetikoak merkatzeko aurrerapausoak emateko beharra azpimarratu dute.

Era berean, Exekutiboak Elkarrizketa Sozialeko Mahaira aldi baterako lan erregulazioan dauden langileei (20.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenei) osagarriak mantentzeko proposamena eramatea adostu dute hiru indar politikoek.

PP+Cs eskuineko koalizioarekin

EAJk, PSE-EEk eta PP+Csek adostutako ebazpenen artean, gerrak zuzenean kaltetutako enpresentzako aldi baterako laguntza programa berezi bat martxan jartzea.

EAJk eta PSE-EEk aurkeztu eta onartutako proposamenen artean, Ukrainako errefuxiatuen inguruko batzuk azpimarratzekoak dira. Errefuxiatuen integrazio programak eta zerbitzuak sendotzea, emakume zein adingabeen trafikoari aurre egitea eta Estatuari migrazio arloko funtzio zein zerbitzuen transferentzia eskatzen jarraitzea.

Bestalde, energia erosteko babes neurriak, enpresen eraginkortasun energetikoa areagotzeko laguntzak, energia berriztagarriei bultzada emateko eta eredu energetiko berri bat bizkortzeko ekimenak onartu dituzte.

Azkenik, aldi baterako lan erregulazio espedienteetan irizpide interpretatzaileak aplikatzea eskatu diote Gobernuari, enpresen bideragarritasuna eta enplegua mantentzea errazteko; gazteentzako alokairu laguntza programak sendotzea; eta inflazioaren gorakadaren aurrean garraio publikoaren tarifak mantentzea.

Atzera bota dituzten neurriak

Oposizioak planteatutako beste neurri batzuk, ordea, ez dira aurrera atera. EH Bilduk diru-sarrerak bermatzeko errenta % 15 igotzea, alokairu pribatuko prezioen kontrolerako sistema propio bat, soldatak igotzeko sindikatuen eta enpresaburuen arteko itun bat eta lanbide arteko gutxieneko soldata Euskadin adostea proposatu du.

Bestalde, koalizioak 250 euroko bonu energetikoa planteatu du, baita argindar merkaturatzaile publiko bat sortzea ere. Ekimen guztiak atzera bota dituzte.

Elkarrekin Podemos-IUk konpainia energetikoei eta elektrikoei bazkun-zerga % 10 igotzea, argindarraren zein gasaren salneurriak negoziatzea edo 1.000 euro baino gutxiagoko pentsioak 250 eurorekin osatzea nahi zuen, baina Legebiltzarrak ez ditu onartu.

PP+Cs eskuineko koalizioaren kasuan, besteak beste, zergak murrizteko edo egitura administratiboa % 20 txikitzeko proposamenak atzera bota ditu Ganberak.

Vox ultraeskuineko alderdia bakarrik geratu da bere ekimenen defentsan, besteak beste, autonomoen kuotak eta aldi baterako lan erregulazioan dauden langileen Gizarte Segurantza kotizazioak bertan behera uztea, oinordetzen gaineko zergari % 100eko hobaria aplikatzea edo alderdi, patronal, sindikatu zein fundazioei diru-laguntzak kentzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox