Politika -
ETAko presoak
ETAko beste sei preso Hego Euskal Herriko espetxeetara hurbildu dituzte
Horrela, lau presotik ia hiru EAEko edo Nafarroako kartzeletan daude. Gainera, horietako bati, Alvaro Arri Pascuali, hirugarren gradua onartu diote.
Agentziak | EITB Media
Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak ETAko zazpi preso Hego Euskal Herriko kartzeletara hurbildu ditu. Horrela, lau presotik ia hiru EAEko edo Nafarroako espetxeetan ari dira zigorra betetzen.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin koordinatuta onartu dira lekualdatzeak, arlo horretako eskumenak transferitu ondoren administrazio bakoitzak dituen eskumenen esparruan, Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi duenez.
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) deitoratu egin du Espainiako Gobernuak martxoaren 26an Madrilgo Colon plazan egindako manifestazioaren "aldarria" entzun ez izana. Elkartearen arabera, hurbildutakoek 16 hilketa egin dituzte guztira, eta ez zaie Justiziarekin kolaboratzeko, barkamena eskatzeko edo damutzeko eskatu.
Presoetako batek, Alvaro Arri Pascualek, hirugarren gradua eskuratuko du, Tratamendu Batzordeak egindako proposamenaren arabera. "Jasota dago jarduera terroristatik bereizteko idazkia", Espetxe Zuzendaritzaren arabera. Guztira 18 lekualdatze-eskaera aztertu ditu, eta zortzi baimendu.
Arri Pascual 30 urteko zigorra betetzen ari da Francisco Veguilla Elices teniente jenerala, Francisco Joaquin Martín Moya Defentsa Ministerioko gidari zibila eta Cesar Garcia Contonente Ballet Nazionaleko langilea hiltzeagatik.