Politika -
EAJ
EAJren eredua defendatu du Ortuzarrek, EH Bilduren "fotokopia txarraren" aurrean
Jeltzaleen buruak euskal erakundeak goraipatu ditu egoera ekonomiko zailaren aurrean neurriak hartzean izan duten "azkartasuna eta eraginkortasunagatik".
Agentziak | EITB Media
Andoni Ortuzarrek EAJko EBBkren presidenteak Euskadi "EAJ ereduarekin" mantenduko dutela esan du, EH Bilduren "fotokopia txarraren" aurrean. Buruzagi jeltzaleak "konfinamendu politikotik" atera behar dela esan ondoren, ziurtatu du, arazoak arazo, "gauzek funtziona dezaten egin beharrekoa" egingo dutela, eta nabarmendu ditu euskal erakundeen "azkartasuna eta eraginkortasuna" egoera zailaren aurrean neurriak hartzean.
Ortuzarrek Gatikan eman duten ekitaldi politikoan egin ditu adierazpenok, "normaltasun berria" berreskuratu ondoren EAJk egin duen lehen mitinean.
"Une txarretan jendeak lidergoa, konpromisoa eta dedikazioa espero ditu. Eta hemen, Euskadin, jendeak EAJ espero du, EAJ hori baita: lidergoa, konpromisoa eta dedikazioa, lana. EAJ konfiantza da. Gauzak okertzen direnean, jendeak konfiantza behar du. Eta hemen dago EAJ konfiantza hori emateko ", adierazi du.
EAJren 'Entzunez Eraiki' prozesu "serioa" ezker abertzaleak "bi aste geroago" aktibatu duenarekin alderatu du Ortuzarrek. Bere ustez, "orain dena egin nahi dute" alderdi jeltzalearen "erara", "EAJ style" deitzen duten modu horretan". "Hauek bai barregarriak: EAJ kendu nahi dute, ordezkatu nahi gaituzte, baina gauzak EAJren erara eginez. Madrilgo Gorteetako moketaren gainean ibiltzen hasi ziren; gero, Nafarroan; gero, bira bat egin zuten enpresa eta ekonomia munduan, eta beldurra kendu genien Ezker Abertzaleak sustatzen zituen eslogan eta greba basatiak jasan zituzten pertsonei", adierazi du.
Ortuzarrek gaineratu du EH Bilduk "ti-ta" batean amaitu duela prozesua, eta EAJk "gauzak lasai eta mantso" egingo dituela, "urrira arte", euskal gizarteari dokumentu bat aurkeztuta bukatzeko. "Agian izango da gu baldarragoak garelako, eta haiek hiru hilabetean egiten dutelako guk urtebetean egiten duguna. Edo, agian, gauzak behar bezala egiten ditugulako eta beraiek argazkia ateratzeko bakarrik ", nabarmendu du.
"Jatorrizkoaren eta fotokopia txar baten artean, jatorrizkoa, beti jatorrizkoa. Jatorrizko abertzalea, adjektiborik eta konplexurik gabe ", gaineratu du.