Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Otegik ez du baztertu EH Bilduren lehendakarigaia izatea
Koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak EAEren eta Nafarroaren arteko "estatu akordioak" aldarrikatu ditu fiskalitatearen edo elikadura subiranotasunaren alorrean. "Estatu izan gabe ere, estatu akordioak egin ditzakegu", azpimarratu du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak ez du baztertu koalizio subiranistaren hurrengo lehendakarigaia izatea. "Jendeak eskatzen didan neurriaren arabera zehazten da nire papera. Nik ez dut inoiz postu jakin batean izateko anbiziorik eduki", argudiatu du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, egungo egoeraren analisia egin du buruzagi abertzaleak. "Mundua aldatu egin da, ezegonkorragoa eta arriskutsuagoa bilakatu da", ohartarazi du. Horren aurrean, "inertzia zaharrak eta politikaren garai bateko erabilerak" bazter uztea aldarrikatu du, "ez digutelako herri hobea ekarriko". Aldiz, fiskalitatearen edota elikadura subiranotasunaren alorrean EAEren eta Nafarroaren arteko "estatu akordioak" egiteko deia egin du, indar politiko, sindikal eta enpresa eta gizarte alorrekoak bilduko dituztenak. "Estatu izan gabe ere, estatu akordioak egin ditzakegu", nabarmendu du.
Otegiren ustez, "lau norabidetan ekin behar zaio egungo egoerari". Batetik, "energia sektorean esku hartu behar da". Azaldu duenez, "energia sektorea inoizko negozio handiena egiten ari da, eta, bien bitartean, herritarrak, garraiolariak eta familiak gero eta garestiago ordaintzen ari gara argindarraren eta erregaiaren faktura". Era berean, "politika fiskalen inguruan ausardiaz" hitz egin behar dela uste du, "langilearen gehiengoak gero eta aberastasun gutxiago duelako". Horren aurrean, EH Bildu errenta baxuenei zergak jaistearen eta altuenei igotzearen aldeko dela esan du. Azkenik, "indar politiko, sindikal, eta unibertsitate eta enpresen alorreko eragile guztiekin subiranotasunari buruzko eztabaida estrategiko bati" heldu behar zaiola azpimarratu du. Subiranotasun politikoa ez ezik, elikadura edo subiranotasun energetikoa ere hizpide hartzeko deia egin du.
EH Bilduren koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, bere mezuak "ez du hondamendi kutsua, itxaropen mezua da".
EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuaren ereduaz galdetuta, "agortuta" dagoela erantzun du. "Ez dio datorrenari tamaina hartu", argudiatu du. Horren ildoan esan du "harrigarria" dela Eusko Jaurlaritzak gastatu gabeko 1.900 milioi euro izatea, "pandemia betean, eta Osakidetzan edo Hezkuntzan egin diren murrizketen ostean".