Politika -

UKRAINAKO GERRA

Legebiltzarrak ez du adostasunik lortu Ukrainako krisiaren aurrean

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako proposamenak eztabaidatu dituzte aldeek Ganberako osoko bilkuran. Proposamen horietan Ukrainako krisiari aurre egiteko hainbat ekimen jasotzen ziren.

Jaurlaritza, artxiboko argazki batean. Irudia: EITB Media
Jaurlaritza, artxiboko argazki batean
Jaurlaritza, artxiboko argazki batean. Irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak deitutako bilera-sortaren atarian, alderdiek ez dute Eusko Legebiltzarrean jarrera bateraturik lortu Ukrainaren inbasioak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko erakundeek bultzatu behar dituzten neurrien inguruan.

Datorren astelehenean, lehendakaria talde parlamentario guztiekin bilduko da, Ukrainako gerrak eragindako egoera aztertzeko eta erakundeek egoera honetan abian jarri dituzten ekimenak errepasatzeko.

Testuinguru horretan egin da ostegun honetan Ganberako osoko bilkura. Hala, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposamen bana egin dute Ukrainaren inbasioaren aurrean sortutako arazo ekonomikoei aurre egiteko, baina bat bera ere ez da aurrera atera. Bai, ordea, EAJren eta PSE-EEren egitasmoa, proposamena egin dutenen babes bakarrarekin eta gainerakoen abstentzioarekin.

EH Bilduk plan integral bat eskatu du; ahulenak babesteko programak, energia-bonuak, enpresentzako konpentsazio-funtsa eta soldatak eta enplegua babesteko, tartean. Elkarrekin Podemos-IUk, bestalde, prezioak arautzeko eta familiei laguntzak emateko programa bat, enpresa txiki eta ertainei zuzeneko dirulaguntzak emateko beste bat eta fiskalitate berdeko plan bat jarri ditu mahai gainean, besteak beste.

Itxaso Berrojalbiz jeltzalearen hitzetan, gerrak "adosteko betebeharra" ezartzen du, eta "erantzun koordinatuak emateko unea da, ez zatiketarako momentua".

Iker Casanovak (EH Bildu), berriz, kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak "batasuna lehenestea, baina sektarismoa praktikatzea", eta kezkatuta agertu da Jaurlaritzak eta aldundiek adostutakoak neurri "inprobisatuak" direla iritzita.

David Sotok (Elkarrekin Podemos-IU) talde guztiek jarrera bateratua lortzea "ezinbestekoa" dela babestu du, ekoizpen-sarea eraldatzeko eta energia-trantsizioa "modu ordenatu eta planifikatuan" egiteko, eta, aldi berean, Espainiako Gobernuak ezarritako neurriak osatzeko plan bat eskatu dio Jaurlaritzari.

Sonia Perez sozialistak akordioa lortzea espero duela esan du, eta Pedro Sanchezen Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gatazkaren ondorioak ahalik eta lasterren arintzeko hartutako erabakiak nabarmendu ditu.

Azkenik, Luis Gordillok (PP+Cs) "erreformak behar den lekuan eztabaidatzeko" eskatu die taldeei, eta Amaia Martinezek (Vox) esan du premiazkoak direla "epe laburrekoak" ez diren aparteko ekimenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Popularra Urkullu albisteak Ukraina Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE albisteak Eguneko albisteak Albisteak Podemos bideoak Vox