Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

EAJk, Sanchezen planaz: "Oso zaila da dekretu bati ezezkoa ematea"

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gogor kritikatu du Espainiako Gobernua, "dekretuz eta bakarka" agintzeagatik. Krisiari aurre egiteko zergak jaistearen aukeraz, kontra azaldu da EAJko buruzagia eta "sektore batzuei zuzendutako neurri zehatzak" defendatu ditu.

Atutxa, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Atutxa, elkarrizketaren une batean.
Atutxa, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak onartu du "oso zaila" dela Pedro Sanchezek Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko aurkeztutako planaren dekretuari ezezkoa ematea, eta babesteko prest agertu da, "egoerak hala eskatzen duelako". Dena dela, Espainiako Gobernuaren moduak kritikatu ditu, "dekretuz eta bakarka" agintzen ari delako, taldeekin negoziatu gabe. "Dekretu bati "bai" ala "ez" esaten zaio, ezin da negoziatu", deitoratu du.

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, EAJ "dekretua aztertzen ari da; oso teknikoa da, oso luzea", eta jakinarazi du talde jeltzaleak atzo bertan, iragarri baino apur bat lehenago, izan zuela horren berri, "elkarrizketa labur batean". Atutxaren ustez, "zalantzarik gabe ez da hasiera ona, beste jarrera bat behar da azken bozketetan zenbakiak oso estu egon direla ikusita".

EAEn krisiari aurre egiteko neurririk har daitekeen galdetuta, Atutxak baztertu egin du zergak jaistea. Horren ustez, "oso kontu serioa da", eta "luzera begira, ez du ondorio positiborik". Horren ordez, "sektore zehatzei zuzendutako eta epe jakin batean indarrean izango diren neurrien" aldekoa da EAJ, "zergak modu orokortuan jaistea oso kontu ezberdina da eta".

Era berean, azpimarratu du laguntzek ez dituztela egiturazko arazoak konponduko, eta horiei aurre egiteko daudela erakundeen aurrekontuak eta Next Europako funtsak. "Hori da bidea", erantsi du.

EAEn Hiru sindikatuak babesten duen garraiolarien grebaz, politikari bizkaitarrak nabarmendu duenez, Ukrainako gerrak "denoi eragiten digu, Europa bera gerran dagoelako esparrutan: askatasunen eta demokraziaren alorrean, eta ekonomikoan, eta azken horretan unean-uneko arazoak egiturazko arazoetatik bereizi behar dira". Hori horrela, esan du "egoera jakin horri aurre egiteko neurri zehatzak" har daitezkeela, baina sektore horrek dituen egiturazko arazoak gerora aztertu beharko direla, Europako testuingurua kontuan hartuta.

Sanchezen Gobernuak Sahararen auziaz izan duen jarrera aldaketa "oso larria" dela adierazi du, eta Espainiako presidenteak horren kontura eman beharreko azalpenak ministroak emandakoak baino "onargarriagoak" izatea espero du, bestela "beste porrot baten aurrean egongo gara", ohartarazi du.

Azkenik, Usansolon igandean egindako herri galdeketa ere ahotan hartu du Atutxak. Horren aburuz, "ezin zaie usansolotarrei gezurrik esan pilota Bizkaiko Foru Aldundiaren teilatuan dagoela esatean". Izan ere, gogorarazi duenez, "EAJk sustatu eta moldatu du araua aukera hori egon zedin". Hori horrela, "EAJk prozedurak bere bidea egitea babestuko du, baina jurisprudentzia eta Estatuko araudiarekin egingo du talka, 5.000 biztanleko langa galdegiten duena (Usansolok 4.700 biztanle ditu)".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Politika EAJ-PNV Bizkaia Bizkaia Grebak albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Mendebaldeko Sahara Galdakao bideoak