Politika -

40. urtemuga

"Ertzaintza ahalegin kolektibo baten bidez aurrera egiten duen trainerua da", lehendakariaren hitzetan

BECen egindako omenaldi ekitaldi batean, EAEko Poliziaren hastapenak hartu ditu gogoan Iñigo Urkulluk: Agirre lehendakariak 1936an sortutako Ertzaña, alegia. Etorkizuneko erronkak hizpide, Europan integrazioa, prebentzioa indartzea, digitalizazioa zabaltzea edo berdintasuna sustatzea aipatu ditu.

Gaurko ekitaldian egindako "familia argazkia". EFE
Gaurko ekitaldian egindako "familia argazkia".
Ertzaintzaren ibilbidea eta etorkizuneko erronkak azpimarratu dituzte 40. urtemugan

2:12

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40 urte bete berritan, "ahalegin kolektibo baten bidez aurrera egiten duen trainerua da Ertzaintza", Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez. Urtemuga biribilaren harira omenaldi ekitaldia egin dute gaur BECen (Barakaldo, Bizkaia) eta Urkulluk bertan egin ditu adierazpenok.

Aintzatespen ekitaldian Ertzaintzaren talde eta unitate ezberdinetako kideak, Segurtasun Saileko buruzagi nagusiak eta EAEko erakunde, alderdi, sindikatu, justizia eta hedabideetako ordezkariak izan dira. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Ardanza eta Garaikoetxea lehendakariak, EAEko hiru hiriburuetako alkateak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea edo Kataluniatik etorritako Generalitateko Barne kontseilaria.

Bertaratutakoen aurrean egindako hitzaldian, lehendakariak "harro" goraipatu du "herritik jaio eta herriaren zerbitzura dagoen erakundearen sendotasuna". Agenteei zuzenduta esan duenez, "zuen konpromisoak, sakrifizioek eta ahaleginek merezi dute gure aitortza eta esker onik sakonena. Belaunaldi berriek lekukoa hartuko dute eta zuon eskarmentu, ezagutza eta balioak jasoko dituzte oinordetzan".

Segidan, Agirre lehendakariak 1936an sortutako Ertzaña hartu du ahotan Urkulluk, "300 gizonez eta lehen bi sekzioekin, motorizatutakoa eta infanteriazkoa, sortutako tresna boteretsua". Orduko hartan, polizia hura sortzeko nagusi izan zen espiritua aldarrikatu du lehendakariak, Agirrek sinatutako adierazpenaren pasarte bat irakurrita: "Polizia gorputz honek bere ekintza, lan, ahalegin eta zuzentasunagatik miresmena eta maitasuna sorraraziko du, ez beldurra edo arbuioa. Errespetuaren zaintzaile, lasaitasunaren tresna eta herriaren lagun izateko jaio da, gaizkilea harrapatzeko eta bakea hautsita dagoen lekuetan berrezartzeko dituen ahalmen eta xedeagatik".

Ia bost hamarkada igaro behar izan ziren Ertzaintzaren ernamuina jaiotzeko Berrozin (Araba), eta 1982ko otsailean jarri zen martxan Arkautiko Akademiaren lehen promozioa.

Ekitaldian lanean zirela hildako ertzainen aldeko omenaldia egin dute, batez ere ETAk hildako 15 agenteen aldekoa. Lehendakariaren hitzetan, desagertutako erakunde armatua "gizartea eta Ertzaintza bera kikiltzen saiatu zen baina ez zuen lortu". Ildo beretik, "egun hauetan giza eskubideen urraketa sistematikoa" gogora ekarri du Urkulluk, "Europar Batasunaren muga berean". "Gaur berriro diogu Ukrainaren aldebakarreko inbasio armatua gaitzesten dugula, baita justifikaziorik gabeko erasoaren ondorioak jasaten ari direnekiko elkartasuna adierazi ere", erantsi du.

Azkenik, polizia autonomikoak "gizarte modernoaren erronka berriei" erantzuteko premia aipatu du Urkulluk, "Europan integratzeko, prebentzioa indartzeko, digitalizazioa zabaltzeko edo berdintasuna sustatzeko", besteak beste.

Ertzaintzak Inteligentzia unitatea sortu zuen 80ko hamarkadan; Ziarsolo talde horretan aritu zen hasieratik
Ertzaintzak Inteligentzia unitatea sortu zuen 80ko hamarkadan; Ziarsolo talde horretan aritu zen hasieratik
Ertzaintzak Inteligentzia unitatea sortu zuen 80ko hamarkadan; Ziarsolo talde horretan aritu zen hasieratik

1:54
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Bilbao Exhibition Centre Eguneko albisteak Albisteak