Politika -
Heriotza
Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari nagusi ohia hil da
PSOEko kideak Espainiatik ihes egin zuen ustelkeriagatik ikertzen hasi zirenean. Urtebete geroago, bere burua aurkeztu zuen Bangkokeko aireportuan. 78 urterekin zendu da.
Mikel Dominguez | EITB Media
Luis Roldan 78 urterekin hil da, Heraldo de Aragon-ek jakitera eman duenez. Guardia Zibilaren zuzendari nagusia izan zen, 1993an ustelkeriaz akusatu zutenera arte. Momentu horretan, Espainiatik ihes egin zuen.
Sozialista Zaragozan jaio zen, 1943an. 1982tik 1986ra, Felipe Gonzalezen agintaldian, Espainiako Gobernuaren ordezkaria Nafarroan izan zen.
1986tik aurrera, Guardia Zibilaren zuzendari nagusia izan zen, 1993an Diario 16 kazetak legez kontra aberastu zela argitaratu eta Gobernuak kargutik kendu zuenera arte. Handik gutxira, behin prozesu judiziala hasita, Roldanek Espainiatik ihes egin zuen.
Zaragozakoak bere burua entregatu zuen urtebete geroago, 1995eko otsailean, Bangkokeko aireportuan, ustez Espainiako zerbitzu sekretuko kide baten aurrean. 31 urteko espetxe zigorra jarri zioten ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eroskeria, iruzur fiskala eta maula leporatuta.
Auzitegiek baieztatu zutenez, diru bereizietatik 400 milioi pezeta lapurtu eta komisio bidez 1.800 milioi pezeta eskuratu zituen, baina, susmoak susmo, ez zuten inoiz zigortu GALen terrorismoarekin zerikusia izateagatik.
2010ean irten zen kartzelatik, 15 urteko zigorra beteta.