Politika -
Hezkuntza Legea
Anduezak EH Bilduri ohartarazi dio ez dutela 'euren' hezkuntza erreforma egingo
PSE-EEko idazkari nagusiak koalizioari gogorarazi dio "gehiengoa beste batzuona" dela. Nabarmendu duenez, eredu hirueledunean "euskarak nagusi izaten jarraitzen du" baina azaldu du ez dutela nahi "elementu bereizgarri gisa erabiltzerik hura".
Agentziak | Eitb Media
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak "errealismoa" eskatu dio EH Bilduri, gobernukide diren EAJ eta sozialisten arteko hezkuntzako ituna negoziatzerakoan, eta ohartarazi dioenez, "ez dugu 'euren' hezkuntza erreforma egingo, gutxi batzuentzakoa, gehiengoa beste batzuona" delako.
El Correo egunkarian egin dioten elkarrizketa batean esan duenez, "EH Bilduren helburua da euskara oinarri duen murgiltze eredu bat bultzatzea, ez daukat zalantzarik". Nabarmendu duenez, gobernukideen artean adostutako eredu hirueledunean (gaztelera-euskara-ingelesa) "euskarak nagusi izaten jarraitzen du" baina azaldu du ez dutela nahi "elementu bereizgarri gisa erabiltzerik hura".
Anduezaren iritziz, euskararen arazoa "ez dago eskoletan edo ikaskuntzan, eskolaz kanpoko erabileran" baizik, eta ziurtatu duenez "adostutakoa ez doa egungo hizkuntza ereduen kontra. Marko eleanitzean "eredu guztiek dute lekua", azpimarratu du.