Politika -

UPN

Adanerok eta Sayasek ez dute baztertzen alderdi berri bat eratzea

Sergio Sayasek berak jakinarazi dio EITBri "UPN alderdiko zenbait afiliatu eta jarraitzaile herri plataforma bat bultzatzen ari direla, alderdi edo hautagaitza berri baten lehen urratsa izan litekeena".

Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas
Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas
Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur zortzi UPNk iragarri zuen Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuak bi urte eta erdiz kanporatuko zituela. Berme eta Diziplina Batzordeak bi diputatuak militantziatik kanpo uzteko erabakia hartu zuen, lan erreformaren alde agertzeko UPNk hartutako erabakiari men egin ez ziotelako. Era berean, alderdi barruan edo UPNren ordezkari gisa ezein kargu betetzeko aukera galarazi zieten bi urte eta sei hilabetez.

UPN astintzen ari den barne krisi horri helduta, badirudi mugimenduak daudela, kasu honetan Adanero eta Sayas babesten duen sektorearen aldetik. Izan ere, alderdiko zenbait afiliatuk baja eman dute, herri plataforma berri bat sortze aldera. Alderdi edo hautagaitza berri baten lehen urratsa izan liteke, beraz.

Sergio Sayas bera izan da EITBri albistea eman diona. "Badira desengainua hartu duten zenbait afiliatu eta jarraitzaile, eta horiek dabiltza plataforma bultzatzen. Oraingoz, baina, haiei entzutea da gure asmo bakarra", esan du.

"Ehundik gora dira dagoeneko baja eman duten afiliatuak, batez ere, Erriberan, Iruñerrian, Berriozarren, Uharten eta Orkoienen. Orain babes hori bideratu nahi dugu, eta denborak esango du, datorren urteko hauteskundeei begira, alderdi edo hautagaitza berri bat sortuko dugun ala ez.

Adanerok ere aurreratu zuen iragan astean: "Alternatiba baten beharrean gaude, UPNk huts egin baitu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika UPN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua