Politika -
Eusko Legebiltzarra
Jaurlaritzak salatu du zalantzan jartzen dela euskal espetxeetako tratamendu batzordeen lana
"ETAk gehien jazarri duen kolektiboetako bat" izan dela azpimarratu du, eta ETAko presoei hirugarren gradua ematean legean oinarritu direla.
agentziak | eitb media
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuak salatu du alderdi politiko batzuek "zalantzan" jartzen dutela euskal espetxeetako tratamendu batzordeen "zorroztasuna", "ETAk gehien jazarri duen kolektiboetako bat" baita, eta gradu aldaketen inguruan erabakiak hartzeko erabiltzen duten irizpidea eskumena Eusko Jaurlaritzak jaso baino lehenagoko "berbera" delako.
Artolazabalek Voxeko Amaia Martinezen galderari erantzun dio Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan, EAEn dauden ETAko presoen gradu aldaketaren inguruan.
Otsailaren 28an egin zuen moduan, Eusko Jaurlaritzak urrian eskumena lortu zuenetik izan diren gradu aldaketei buruzko datuak jakinarazi ditu sailburuak.
Hori horrela, EAEko espetxeetako tratamendu batzordeek aztertutako 330 presoren txostenen kasuan (ETArenak 26), bigarren graduari eustea erabaki dute. Bigarren gradutik hirugarrenera igarotzeko onartu dituzten proposamenak 166 izan dira, eta 10 dira ETAko presoenak.
Artolazabalek berretsi du tratamendu batzordeen proposamen horiek onartzeko garaian, Eusko Jaurlaritzak "legea bete" besterik ez duela egin. Sailburuak gogorarazi du ez dagoela biziarteko kartzela-zigorrik, eta gai horietan erakundeek ezin dutela "bihotzetik" jokatu, baizik eta "legean oinarrituta".
Dena dela, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak beti hartzen dituela aintzat biktimak, eta "pertsonalki eta aurrez" jakinarazten zaiela horiei eragin diezaiekeen edozein neurri.
Sailburuaren azalpenen aurrean, Voxen kideak "biktimak gutxiestea", "hiltzaileei mesede egitea" eta "katua sakatu dutenak espetxetik atera nahi izatea" egotzi dio Jaurlaritzari.
"Hirugarren gradua ez da askatasuna"
Laura Garrido PPren legebiltzarkideak gai horretan sakondu nahi izan du, eta Auzitegi Nazionalak hirugarren graduak atzera botatzeko aukeraz galdetu dio Artolazabali, halaxe gertatu baita Espainiako Barne Ministerioak onartutako kasu batzuetan.
Horren aurrean, Justizia sailburuak onartu du aukera hor dagoela, baina ikusteko dagoela zein izango den "emaitza", haiek "oso lan zorrotza" egin dutelako hirugarren graduak onartzerako garaian.
Gainera, legebiltzarkide popularrari gogorarazi dio hirugarren gradua ez dela "askatasuna, presoak tratamendua betetzen jarraitu behar du".