Politika -

frantzia

Macronek Eliseorako hautagaitza berria iragarri du

Frantziako presidenteak nabarmendu du "etorkizuna prestatzen" jarraitzeko eta mende honetako erronkei "erantzun frantziarra eta europarra" emateko asmoa.

Emmanuel Macron, Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Emmanuel Macron, Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Emmanuel Macron, Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Eliseorako hautagaitza berria formalizatu du ostegun honetan. Herritarrei zuzendutako gutun baten bitartez eman du berria eta, horretan, nabarmendu du "etorkizuna prestatzen" jarraitzeko eta mende honetako erronkei "erantzun frantziarra eta europarra" emateko asmoa.

Ostiral honetan zen amaitzekoa hautagaitzak aurkezteko epea, eta Macronek ahalik eta gehien luzatu du erabakia. Hori dela eta, oposizioaren kritikak jasan ditu, egotzi baitiote orain arte kanpaina estalia egin izana, Estatuko presidentetzak ematen dion ikusgaitasuna aprobetxatuta.

Gutunean nabarmendu duenez, bosturteko honetan abiatutako erreformek enplegu-sorkuntza baimendu dute industrian, eta "azken 15 urteotako langabezia-mailarik baxuena dugu" (% 7,4koa, 2021eko laugarren hiruhilekoan), baina oraindik "ez dugu dena lortu".

"Zalantzarik gabe, badira lortutako esperientziarekin beste modu batera egingo nituzkeen gauzak, baina agintaldi honetan zehar hasitako eraldaketek hobeto bizitzea baimendu diete aberrikide askori, eta independentzia irabaztea, Frantziari. Azken bi urteotan igarotzen ari garen krisiek erakutsi digute hau dela jarraitu beharreko bidea", esan du Macron liberalak.

Hori dela eta, gaineratu du frantziarren konfiantza eskatzen duela, agintaldi berri baterako.

"Ez da independentziarik indar ekonomikorik gabe. Gehiago lan egin behar dugu, eta lanaren eta ekoizpenaren gaineko zergak jaisten jarraitu. Desberdintasunen aurka borrokatuko dugu; ez hainbeste beranduegi denean konponduz, horien errora joz baizik", azpimarratu du.

Gutun horretan aurreratutako bide-orrian, uneko estatuburuak eta orain hautagai ere badenak adierazi du gehiago inbertitu nahi duela berrikuntzan, eta hezkuntzari lehentasuna eman, irakasleei hobeto ordainduta.

Macronen aburuz, herrialdea gai izan da "duintasunez eta anaitasunez" 2015etik etorritako erronkei aurre egiten: "Terrorismoa, pandemia, indarkeriaren itzulera, gerra Europan: gutxitan aurre egin behar izan dio Frantziak horrelako krisi-pilaketa bati".

Frantziako apirileko hauteskunde presidentzialek 10ean izango dute lehenengo itzulia eta 24an bigarrena, eta "zehaztuko dituzte herrialdeak bere buruari ematen dizkion norabideak, datozen bost urteetarako eta haratago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia bideoak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia gaur Macron azken ordukoa Hauteskundeak gaur