Politika -
PP-ren krisia
Ayusoren anaiak 283.000 euro jaso zituela onartu du Madrilgo Erkidegoak
Musukoen salerosketa batean egindako bitartekaritza lanengatik jasotakoa da hori, Madrilgo Gobernuak iritzi sortzaileei igorri dien argudioetan agertzen denez.
eitb media
Madrilgo Erkidegoak onartu egin du lehen aldiz Isabel Diaz Ayuso presidentearen anaiak 283.000 euro jaso zituela 2020an, pandemia bete-betean, musukoen salerosketa batean eginiko bitartekaritza lanagatik.
Hainbat komunikabidek, tartean Ser irrati-kateak, zabaldutako informazioaren arabera, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak iritzi sortzaileei igorri ohi dien argudioetan aitortu zuen atzo Tomas Diaz Ayusok dirutza hori jaso izana.
Tomas Díaz Ayusok 283.000 euro fakturatu zizkion, lau zatitan banatuta, familiaren lagun batena den "Privet Sportive" enpresari.
Pablo Casadok salatu zuen ia kopuru bera jaso zuen, beraz, Isabel Diaz Ayusoren anaiak. Hala ere, modu ofizialean zabaldu ez den Madrilgo Erkidegoko ohar horrek zehazten duenez, dirutza horretatik 55.850 euro dagozkie soilik musukoaren salerosketari, Madrilgo presidenteak aipatu zuen kopurua, hain zuzen ere.
Bien bitartean, apirilaren 2an eta 3an egingo duen ezohiko kongresura begira jarrita dago PP, eta ordura arte Cuca GamarraK, Diputatuen Kongresuko bozeramaileak, hartuko alderdiaren koordinatzaile ardura.
Almeidak Carromeroren agerraldia eskatuko du
Bestalde, Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak esan du Angel Carromeroren agerraldia eskatuko duela Ayusoren gaineko espioitza kasuarekin lotutako ikerketa batzordean, eta ukatu egin du Rafael Catala ministro ohiarekin harremanetan jarri denik kasu horren harira