Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskualdatzea "laster" izango dela aurreratu du Mendiak
Bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak esan duenez, bi aldeen helburua eskualdatzea "juridikoki blindatuta" uztea da. Aurrera begira, talderen batek transferentziari helegitea jartzea ez dute baztertzen, eta beraz, ertz guztiak "ondo itxita" utzi behar direla esan du.
Idoia Alberdi Etxaniz | EITB Media
Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa Euskadiren esku uzteko bilera telematikoa izan zuten joan den asteazkenean Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek, baina akordioa itxi gabe geratu zen. Gaiari buruz galdetuta, Idoia Media Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak zehaztu du asteon egindako bilera "batzar teknikoa" izan zela, "ez eskualdatzea egikaritzeko bilera". "Borondate politikoa" egon badagoela eta bi aldeak "etenik gabe" lanean ari direla ziurtatu du, "ertz tekniko eta juridiko guztiak" ondo itxita lagatzeko. "Laster iritsiko da eskualdatzea, hori da aurreratu dezakedan bakarra", gaineratu du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua eta Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroa, eta horien lantaldeak egiten ari diren lanean jarri du azpimarra Mendiak. Sailburu sozialistaren hitzetan, hari-mutur juridiko denak ondo jostea ezinbestekoa da, "dimentsio honetako transferentzia batekin". Aurrera begira, talderen batek eskualdatzeari "helegitea jartzeko arriskua" dagoela jakinda, "blindatuta utzi behar da".
Ez du datarik aurreratu, baina ortzi-mugan ikusten du Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa Jaurlaritzaren esku uztea. "Akordioa ondo itxita dagoela uste duenean iragarriko du Garamendik eskualdatzerako bilera", nabarmendu du.
Bestalde, PPren baitako krisia ere izan du hizpide, "beste alderdietako krisiei buruz hitz egitea gustuko ez dudan arren". Horren hitzetan, popularren arteko polemikak agerian uzten du Espainiak "aurrera begirako proiektu bakarra duela, PSOEk gidatutakoa". Halere, PP gatazka hau bideratzeko gai izatea espero duela esan du, "Espainiak Alderdi Popularra behar duelako, Estatu mailako alderdi bat".