Politika -
1981eko erasoa
Auzitegi Gorenak erabaki du Jaione Jauregiren aurkako auzia preskribaturik ez dagoela
2020ko otsailaren 18an Auzitegi Nazionaleko gai penaletarako aretoak Jauregi aske utzi zuen auzia preskribaturik dagoela iritzita, baina Fiskaltzak ebazpen horren aurka aurkeztutako helegitea onartu du orain Gorenak.
Agentziak | EiTB Media
Auzitegi Gorenak erabaki du Jaione Jauregiren aurkako auzia preskribaturik ez dagoela, eta prozedurarekin aurrera jarraitzeko agindua eman du. 1981ean ETAk huts eginiko eraso batean parte hartu izana leporatu zioten, baina Auzitegi Nazionalak preskribatu dela ebatzi zuen.
2020ko otsailaren 18an Auzitegi Nazionaleko gai penaletarako aretoak Jauregi aske utzi zuen auzia preskribaturik dagoela iritzita, baina Fiskaltzak ebazpen horren aurka aurkeztutako helegitea onartu du orain Goreneko II. Salak. Ebazpena urtarrilaren 27an sinatu zuen.
1981eko ekainaren 14an ETA hiru guardia zibil hiltzen saiatu zen. Ikerketaren arabera, Jauregi Bizkaia taldeko kidea zen orduan, ustez erasoa aurrera eraman zuen taldea.
Irekitako auzia preskribaturik ez dagoela erabaki du Gorenak orain. Horrela, 2004ko martxoaren 11n Auzitegi Nazionaleko 1 Instrukzio Epaitegiak abiatutako prozedura berretsi du.
Belgikak Jaione Jauregi 2020ko azaroan Espainiaratu zuen. Belgikako Justizia estradizioaren aurka agertu zen behin baino gehiagotan, baina azkenean Espainiaratzea lortu zuten.
Jose de la Mata epaileak espetxera bidali zuen orduan, Ramon Romeo Rotaeche Armadako teniente koronelaren hilketa egotzita. 1981ean hil zuten, Bilbon.