Politika -
Ezker abertzalea, EA, Aralar
'Independentziarako prest' agertu dira Donazaharreko Aberri Egunean
Madrili eta Parisi "mugitzeko" esan diete, galtzaile eta irabazlerik gabeko bakea eta "bazterketarik gabeko" elkarrizketa-mahaia eskatuta.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak "independentziarako bidea egiteko prest" daudela esan dute Donazaharren ospatutako Aberri Egunean. Gainera, "Euskal Herriaren helburu sendoa Europan nazioa izatea" dela azpimarratu dute.
Horren harian, Madrili eta Parisi "mugitzeko" esan diete, galtzaile eta irabazlerik gabeko bakea, alderdien legeztatzea eta "bazterketarik gabeko" elkarrizketa-mahaia eskatuta.
Ekitaldian komunikatua irakurri dute, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Bertan, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak; Ikerne Badiola EAko ordezkariak; Josu Estarrona Alternatibako agintariak; Dani Maeztu Aralarreko kideak eta Joseba Garay ABko buruzagiak azpimarratu egin dute 2012ko Aberri Eguna "testuinguru historiko oso berezi batean" ospatu dela, izan ere, aurten "Nafarroa 1512an konkistatu zutela 500 urte bete baitira".
"Nafarroa Euskal Herri bateratu eta subiranoaren ikur historikoa da", esan dute.
Bakegintza
Ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko, Alternatibako eta Abko ordezkariek ere nabarmendu egin dute aurtengo Aberr Egunaren "zentzu eta garrantzi berezia", "bakegintzaren bidean urrats esanguratsua eman denean" ospatzen baita.
Bestalde, aste Santuaren ostean bost alderdi hauek alderdi subiranisten eta ezkerrekoen indar metaketan sakontzeko akordio bat sinatuko dute. Akordioa ia itxita dago dagoeneko, eta "Euskal Herri burujabea lortzeko lana" sustatu nahi dute.