Politika -
ZALDIBAR, 2 urte hondamenditik
Iturgaiz: "EAJren kudeaketa ona Zaldibarren lurperatuta dago, autokritikarik eta ardura politikorik gabe"
Zaldibarko hondamendia izan zenetik bi urte igaro direnean, EAEko popularren buruak egia argitzeko ahaleginik ez egitea egotzi dio EAJri. Familiek eta gizarte osoak Zaldibarren gertatu zena jakitea premiazkoa dela esan du.
EITB MEDIA
Bi urte bete dira gaur Zaldibarko zabortegia behera etorri eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatuta geratu zirenetik. Urteurrenaren harira, Carlos Iturgaiz EAEko PPren buruak EAJren kudeaketa salatu du. Horren hitzetan, hondamendiarekin batera "EAJren kudeaketa ona lurpean" geratu zen, "inork autokritikarik egin gabe eta ardura politikorik bere gain hartu gabe".
Zabortegia zegoen tokian bertan grabatutako bideo bat zabaldu du Iturgaizek Twitterren, eta bertan dionez, hildakoen familiek eta gizarte osoak "egia jakitea" nahi dute, baina jeltzaleek ez dute ahaleginik egin gertatu zena argitzeko.
Urtarrilaren amaieran Europako Parlamentuak egindako eskaria ekarri du gogora PPko buruzagiak. Zaldibarko zabortegian izandako luiziari buruz duten informazio guztia helarazteko eskatu zien Europako Batzordeari eta Eusko Jaurlaritzari, eta bide hori txalotu du Iturgaizek: "Ikerketak zabalik jarraitu behar du, eta PPtik beti esan izan dugu ikerketak argia eta gardena izan behar duela".