Politika -
Elkarrizketa
Victoria Landa: "Ertzaintzako postu estrategikoetara emakume gehiago heltzea espero dut"
ETB2ko 12 minutu saioan egindako elkarrizketa batean, Victoria Landa Ertzaintzako lehen emakume zuzendariak esan du ez duela bere izendapena historikotzat jotzen, baina espero duela emakume gehiago postu estrategikoetara heltzeko balioko duela.
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Victoria Landa joan den abenduan izendatu zuten Ertzaintzako zuzendari, eta Polizia autonomikoa 1982an sortu zenetik kargu horretara iritsi den lehen emakumea da.
Ez du uste bere izendapena "historikoa" izan zenik, baina aurrerantzean Ertzaintzako "postu estrategikoetara emakume gehiago heltzeko" balioko duela espero du.
"Nire izendapena ez dut sentitu zerbait historiko bezala. Tristea eta paradoxikoa iruditzen zait hainbeste nabarmentzea emakume batek lortu duela Ertzaintzako zuzendari kargua, baina egun hori ere iritsi behar zen eta azkenean lortu dugu", adierazi du ETB2ko 12 minutu saioan egindako elkarrizketan.
"Espero dut aurrerantzean holakoak albiste ez izatea eta emakume gehiago heltzea erakunde honetako postu estrategikoetara", erantsi du.
Egun, Ertzaintzako lantaldearen % 16 soilik dira emakumeak, baina Landak azpimarratu du "azkeneko promozioetan -28.ena eta 29.ena- % 31 inguru" izango direla.
Gauzak horrela, bere zuzendaritzarentzat Ertzaintzan emakumearen sarbidea bultzatzea "funtsezko helburua" dela. "Emakumeei erakutsi nahi diegu Ertzaintzan askotariko postuak bete eta askotariko lanak egin ditzaketela, eta lan atsegina dela", gaineratu du.
Horrez gain, gogora ekarri du Ertzaintzaren lehendabiziko promozioan (1982) ez zela emakumerik sartu, zerbitzu militarra burutzea ezinbesteko baldintza zelako.
"Bigarren promoziorako kuota sistema bat ezarri zuten eta 94 emakume sartu ziren. Hirugarren promozioan 400 plaza eskaini zituzten: 340 gizonentzat eta 60 emakumeentzat", azaldu du.
Hain justu ere, Landa izan zen 1983ko azaroaren 14an Ertzaintzan sartzea lortu zuen 60 emakume haietako bat.