Politika -
Hauteskundeak
PPk irabazi du Andaluzian, baina PSOEk eta IUk gehiengoa dute
Javier Arenasen alderdia garaile atera da Andaluzian, botoen % 40,7 eta 50 eserleku lortuta. PSOEk, aldiz, 2008an baino sei ordezkari gutxiago atera ditu eta IUk bikoiztu egin du bere ordezkaritza.
Erredakzioa
PP Andaluziako botoen zenbaketaren buruan da, 50 diputatu lortuta. Ondoren, PSOE dago, 47 eserlekurekin, eta IU hirugarren alderdia da, 12 eserlekurekin.
Javier Arenasen alderdiak botoen % 40 lortu ditu; PSOEk, % 39; eta IUk, % 11,5.
PPk 2008an baino hiru eserleku gehiago lortu ditu, PSOEk 9 galdu ditu, eta IUk bikoiztu egin du Andaluziako Parlamentuan zuen ordezkaritza, 12 diputatu lortuta.
Lehen bi alderdien artean 40.000 botoko aldea izan da: PPri milioi eta erdi andaluziarrek eman diote botoa (% 40,57), eta PSOEri % 39,55ek. IUk, berriz, 430.000 boto lortu ditu, % 11,38.
Parte-hartzea baxua izan da: % 62,15ekoa, (2008an baino 10 puntu txikiagoa).
UPyDk eta Alderdi Andaluzistak ez dute ordezkaririk lortu, nahiz eta UPyDk ia 125.000 boto lortu dituen (% 3,35).
Arenas eta Griñan
Javier Arenas PP-Aren presidente eta Juntako Presidentetzarako hautagaiaren ustez, "historikoa" da bere alderdiak Andaluziako hauteskunde autonomikoak irabazi izana, nahiz eta ez duten gobernatzeko gehiengo nahikoa lortu. Edonola ere, PP-A "elkarrizketaren alderdia" izango dela eta "Andaluzia egonkor eta gobernagarri" egingo duela ziurtatu du.
Jose Antonio Griñan Andaluziako Juntaren presidente eta kargu horretarako hautagaiaren hitzetan, Andaluziako PSOE alderdia "ikaragarria da, ez du inoiz atzera egiten", azaroaren 20an galdutako konfiantza, neurri handi batean, berreskuratzeko gai izan delako.