Politika -

EAEko aurrekontuak

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk atzera bota dituzte aurrekontuei aurkeztu zaizkien osoko zuzenketa guztiak

Pedro Azpiazu sailburuak EH Bilduk erakutsitako "norabide-aldaketaren garrantzia" azpimarratu du; Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea pozik agertu da EAJk eta PSE-EEk "bide zuzena" akordioen eta elkarrizketaren bidea dela ulertu dutelako.

Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu, gaur, Legebiltzarrean. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu, gaur, Legebiltzarrean.
Legebiltzarrak atzera bota ditu Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Voxen osoko zuzenketak

1:33

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak atzera bota ditu gaur Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Talde Mistoa-Vox alderdiek 2022rako Euskadiko Aurrekontu Proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Izan ere, horien aurka bozkatu dute Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE), bai eta EH Bilduk ere, datorren ekitaldiko kontuen inguruan jeltzaleekin eta sozialistekin akordioa itxi ondotik.

Horrela, Aurrekontuen proiektuak bere bidea jarraituko du orain eta aurrekontuen behin betiko bozketaren aurretik, taldeek aurkeztutako zuzenketa partzialen inguruko eztabaida fasea hasiko du.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak EH Bilduk bere estrategia politikoei heltzeko orduan erakutsi duen "norabide-aldaketaren garrantzia" azpimarratu du, eta aurrekontuen ituna "bide baten irekiera eta, agian, beste akordio batzuen atarikoa" izan daitekeela gaineratu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, bere taldeak osoko zuzenketen aurka bozkatu badu hori izan da, aurrekontu hauek euskal gizartearen egungo beharrei erantzun "egokia" emateko nahikoak ez diren arren, aurrekontuak "hobetu" dituztelako, Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioaren bidez.

Iriarte pozik agertu da EAJk eta PSEk ulertu dutelako "bide zuzena" akordioen eta elkarrizketaren bidea dela. "Erronka handiek politika egiteko moduak aldatzea eta herri akordio handien alde egitea eskatzen dute, eta ez polemika zentzugabeetan nahastea", adierazi du. Nolanahi ere, Jaurlaritzak Ingurumen Administrazioaren Legearekin nola jokatu duen ikusita, Jaurlaritzak aurrekontuen inguruan izan duen elkarrizketarako jarrera "bristada" soil bat izan daitekeela uste du, baina "ongi etorria izan dadila, horrek esan nahi badu Gobernua ohartzen hasi dela etorkizunari nola heldu behar zaion". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox EAEko Aurrekontuak