Politika -

heriotza

Ramuntxo Camblong Seaskako fundatzaile eta Iparraldeko EAJko presidente ohia zendu da

Iparraldeko kooperatibismoaren bultzatzaile ere izandakoa 82 urte zituela hil da.

Ramuntxo Camblong. Argazkia: EAJ
Ramuntxo Camblong. Argazkia: EAJ
Ramuntxo Camblong. Argazkia: EAJ

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramuntxo Clambong, hiru urtez IBBeko (EAJren Iparraldeko zuzendaritza) presidente izandakoa eta Angeluko Udalean 2001 eta 2008 artean zinegotzi ibilitakoa, hil da, 82 urte zituela.

Andoni Ortuzar alderdiko presidenteak Clambongen heriotza deitoratu du, "abertzalea, euskaltzalea eta Ipar Euskadiren aldeko aktibista, baina, batez ere, pertsona ona". Ipar Buru Batzarreko presidente, Seaskaren sortzaile eta Baionako Ganberako kide izandakoak "bizitza emankorra eta aberatsa izan zuen, eta bizitza aberastu zigun bera ezagutzeko eta bere alboan egoteko zorte handia izan genuenoi".

Camblong Makean jaio zen 1939ko azaroaren 11n. Parisen eta Angersen ingeniari elektroniko heziketa jasota, elektronika, matematika eta fisika irakasle izan zen Hasparreneko Lycee Technique eskolan. 1969an Iparraldeko Ikastolen Seaska federazioaren fundatzaile izan zen, Arrosa Camblong, Claire Noblia eta Manex Pagolarekin batera, besteak beste.

Gainera, Iparraldeko kooperatibismoaren bultzatzaileetako bat izan zen, Mondragonen eredua jarraituz. 1974an Iparraldeko harreman kooperatibistak sustatzeko elkarte bat sortu zuen, Partzuer, eta 1986tik 1996ra Akitaniako Kooperatiben Elkarteko presidente izan zen, baita Baionako Merkataritza Ganberako kontseilari hautetsi ere.

Iparraldeko egoera ekonomikoaren inguruan idatzi zuen euskaraz Egunkaria, Herria, Lema edo Jakin bezalako agerkarietan. Era berean, "Gure ekonomiaren hiru pundu" entsegu ekonomikoaren autore izan zen, eta Iparraldeko euskal kultur-elkarteak biltzen dituen Euskal Kultur Erakundeko (EKE) presidente.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Araba Iparraldea bideoak Eguneko albisteak Albisteak