Politika -
Proceso de paz
Aralar, EAJ eta PSE, presoen eta elkarbizitzaren ponentzia negoziatzen
Patxi Lopez lehendakariak bihar aurkeztuko duen proposamenaren harira prestatuko dute txostena, gainerako alderdi guztiei irekita egongo litzatekeena, ezker abertzalea barne.
Erredakzioa
Bihar Patxi Lopez lehendakariak bakegintza alorrean aurkeztuko duen proposamenaren harira, Aralar, EAJ eta PSE-EE presoei eta elkarbizitzari buruzko ponentzia sortzea negoziatzen ari dira, gainerako alderdi guztiei irekita egongo litzatekeena, baita Ezker Abertzaleari ere, Noticias Taldeko hedabideek jakitera eman dutenez.
Negoziazio horren oinarria Aralarrek biharko osoko-bilkurari begira aurkeztutako mozioa da. Bake prozesuari buruz Legebiltzarreko indar politikoek duten iritzia agertzea nahi zuen Aralarrek mozioaren bitartez eta bertan jasotzen da ponentzia eratzeko ekimena. Mozio hori zuzenketa transakzionala bihur daiteke Aralar, EAJ eta PSE-EEren arteko negoziaketa akordioarekin amaitzen bada. Gaur 09:30 arteko epea zuten hiru alderdiek akordioa adosteko.
Ponentzia horren zeregina honakoa izango litzateke: bake eta elkarbizitza prozesua aztertu eta jarraitzea, presoei dagokienez eta bakearen kultura Euskal Autonomia Erkidegoko hiri eta herrietara zabaltzeko alorrean bereziki.