Politika -
EAEko hauteskundeak
Hauteskundeetara Amaiurreko alderdiekin joan nahi du Aralarrek
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak eta Rebeka Ubera Antolakuntza idazkariak agerraldia egin dute, martxoaren 3an Gasteizen egingo duten Batzarrari buruz hitz egiteko.
Erredakzioa
Aralarreko exekutibak EAEko hauteskundeetara ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin aurkezteko negoziazioak hasteko baimena eskatuko dio Hegoaldeko Batzarrari martxoaren 3an.
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak eta Rebeka Ubera Antolakuntza idazkariak agerraldia egin dute, martxoaren 3an Gasteizen egingo duten Batzarrari buruz hitz egiteko. Aralarreko Exekutibak aho batez onartu zuen Batzarrari baimen hura eskatzea, EAEko hauteskundeei begira "Amaiurrek markatutako" ildoa jarraitzeko helburuarekin.
Hala ere, Patxi Zabaletak esan duenez, dagoeneko EArekin, ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin "hitz egiten" ari dira, baina beharrezkoa izango da alderdiko kideen "baimena" jasotzea, negoziazioak "ofizialak izateko".
Koalizio horren hautagaia Arnaldo Otegi izan litekeen galdetu diote kazetariek. Egindako bileretan gai horri buruz ez dutela hitz egin erantzun du, baina, Aralarrek ez diola "inorri" betoa jarriko nabarmendu du.