Politika -
PPren Kongresua
Euskadiko PPk garrantzia irabazi du Rajoyren alderdiaren zuzendaritzan
Arantza Quiroga eta Iñaki Oyarzabal zuzendaritzan sartu dira. PPko organo nagusietan daude, baita ere, Alfonso Alonso, Antonio Basagoiti eta Mari Mar Blanco.
Erredakzioa
Alderdi Popularrak zuzendaritza organoak berritu ditu Sevillan asteburuan egiten ari den kongresuan. Ekitaldia lasaia eta ezusterik gabekoa izaten ari da, espero bezala Mariano Rajoy alderdiko presidente izendatu baitute berriro ere, botoen % 97,56 lortuta.
Zuzendaritzari dagokionez, Javier Arenas, Esteban Gonzalez Pons, eta Carlos Floriano izendatu ditu. Horiek dira, Maria Dolores Cospedal idazkari nagusiarekin batera, PPko funtsezko taldea osatzen dutenak.
Ondorioz, funtsezko talde horretan ez da ministrorik izango, baina bai batzordekide lanetan. Hori da, hain zuzen, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearen kasua.
Berarekin batera daude Miguel Arias Cañete, Fatima Bañez, Jorge Fernández, Jose Manuel Garcia Margallo, Ana Mato, Cristobal Montoro, Ana Pastor eta Alberto Ruiz-Gallardon.
Euskadiko PPk, garrantzi gehiego
Euskadiko PPko kideak gustura agertu dira Iñaki Oyarzabal idazkari nagusiak Espainiako exekutiban sartzea lortu duelako. Oyarzabalekin batera, Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea Zuzendaritza Batzordean sartu da.
Quiroga eta Oyarzabalekin batera, Rajoyren PPko zuzendaritzan beste euskal herritar batzuk daude Batzorde Exekutiboko batzordekide lanetan: Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramailea, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea eta Mari Mar Blanco legebiltzarkidea.
Basagoitik 'batasuna' eskatu du
EAEko PPko presidenteak, Antonio Basagoitik, ETAren "berehalako" amaieran "batasuna" eskatu du "demokraziaren garaipenaren zigilua denok batera ezartzeko".Sevillako PPren batzarrean hitz egin du Basagoitik, politikako batzorde txostengilearen defentsan. ETAren aurka batasun gehiago eskatu du "galtzaile direnek historia idatzi ez dezaten", adierazi du.
Bere ustez, "ezinbestekoa da Euskadin eta Nafarroan askatasuna suspertzea". Horregatik, ETAko kideek eta bere inguruneak "ezin dituzte onurak jaso hiltzeari utzi diotelako", gaineratu du, eta horreatarako, bermerik onena Mariano Rajoyren Gobernua dela adierazi du.