Politika -

Katalunia

Espainiako Gobernuak eta Generalitateak gaur abiatuko dute elkarrizketa prozesua, JxCat-en partaidetzarik gabe

JxCatek Gobernuko kide ez diren hiru ordezkari izendatu ditu, tartean Jordi Sanchez eta Jordi Turull, elkarrizketa mahaian parte hartzeko, eta Pere Aragonesek ez ditu onartu.

Pere Aragones Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Pere Aragones Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Pere Aragones Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Gobernuak zatituta ekingo dio Espainiako Gobernuarekin gaur, 15:00etan, abiatuko duen elkarrizketa prozesuari, JxCatek foro horretan parte ez hartzea erabaki baitu.

Alderdiak Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Miriam Nogueras izendatu ditu bere ordezkari, baina Pere Aragones Generalitateko buruak ohartarazi die negoziaketan kontseilariek soilik har dezaketela parte, eta, beraz, beste izen batzuk proposatzeko eskatu die.

Alabaina, JxCatek bere proposamena aldatzea baztertu du, Aragonesen irizpidearen atzean Moncloaren "betoa" eta "zentsura" daudela salatuta.   

Asteazken honetan, 15:00etan, Pere Aragones eta Pedro Sanchez bakarka bilduko dira Generalitatearen Jauregian, eta ondoren batuko dira bi exekutiboen ordezkaritzak. Espainiako Gobernuaren izenean, Felix Bolaños, Yolanda Diaz eta Miquel Iceta izango dira, eta Kataluniako exekutiboaren ordezkariak bi izango dira, ERCkoak biak: Laura Vilagra eta Roger Torrent. JxCaten eledunik ez da egongo, hortaz.

Polemika astearte goizean piztu zen, JxCatek bere proposamena publiko egin zuenean. Lau ordezkari izendatu zituen, eta horietako bakarra da Generalitateko kidea: Jordi Puignero presidenteordea. Jordi Sanchez JxCateko idazkari nagusia, Jordi Turull alderdiko presidenteordea eta Miriam Nogueras Espainiako Kongresuko bozeramailea dira beste hirurak.

EFE agentziaren arabera, Aragones izendapen horien kontra agertu da, kontseilariak ez direlako, eta ez zaio gustatu izen horiek gobernu-bilera egin aurretik iragarri izana. Bestalde, JxCati onartezina iruditu zaio Aragonesek elkarrizketarako mahaiaren harira planteatu duen adierazpena. Besteak beste, amnistia eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dituzte Estatuarekin egingo duten negoziazioan.    

Azkenean, ituna ERCko kontseilarien aldeko botoekin eta JxCatekoen abstentzioarekin onartu zuten.

Pedro Sanchez: "Elkarrizketak luze joko du"

Ondoren, Aragonesek agerraldia egin zuen, eta Kataluniako Gobernuaren ordezkaritza berak, Laura Vilagra Presidentetza kontseilariak eta Roger Torrent Enpresa eta Enplegu kontseilariak osatuko dutela jakinarazi zuen.

"Ordezkaritza Juntsek Gobernuan dituen kargudunekin handitzeko aukera dago. Taldea osatzeko aukera zabalik zegoen atzo, zabalik dago gaur eta bihar ere zabalik egongo da, baina ezin dugu zain egon", adierazi zuen atzo Aragonsek.

Hala ere, JxCatek proposamen berririk ez egitea erabaki dute. Izendatu dituzten ordezkari guztiak onartu ezean, foro horretan parte hartuko ez dutela ziurtatu dute.

Jordi Sanchezek agerraldia egin zuen astearte arratsaldean bere alderdiaren jarrera azaltzeko, eta betoaren atzean Espainiako Gobernua dagoela salatu zuen, Aragonesek Moncloak aginduta jokatu duela iritzita.

"Ezinezkoa da Aragones presidenteak betoa jarri izana. Hori sinesgaitza da", adierazi zuen. Elkarrizketa prozesua Espainiako Gobernuaren "baldintzak" onartuz abiatzea aukera txarra dela ohartarazita, gogora ekarri zuen ERCk Oriol Junqueras proposatu zuela ordezkari izateko, baina PSOEk egindako presioaren ondorioz atzera egin behar izan zutela.  

"Guk ez dugu aulkirik hutsik utzi, baina sartzen galarazi digute", zehaztu zuen Sanchezek, eta erantsi zuen honek ez duela "krisi sakonik" eragin Kataluniako Gobernuan.

Polemika horren harira, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileak bat egin zuen Aragonesen irizpidearekin, eta berretsi zuen foro horretan bi gobernuetako kideak soilik bildu ahalko direla. Are gehiago, Espainiako Gobernuak Generalitatetakoa ez den ordezkaririk onartuko ez duela ohartarazi zuen.

"Hasieratik esan dugu bi gobernuen ordezkariekin osatutako esparrua izan behar zela; ez dugu inoiz beste eremurik aurreikusi", berretsi zuen.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Senatuan atzo arratsaldean aurreikusi zuenez, "elkarrizketak luze joko du; beraz, ez dezagun epemugarik ezarri, frustrazioak saiheste aldera".

Horrez gain, jarrera onenarekin joango dela hitzeman zuen Espainiako gobernuburuak, eta autodeterminazio erreferenduma ez egiteko ideia defendatu zuen, beste behin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatearen albisteak