Politika -
Fernando Buesa
Artolazabalek "memoriadun etorkizuna" aldarrikatu du, ETAren biktimei egin dakiekeen omenaldi onena baita
Sailburuak "Buesa. Hitzaren balioa. Konpromisoaren balioa" erakusketa inauguratu du Bilbon. Fernando Buesa Fundazioak antolatu du, Gogora Institutuaren laguntzarekin.
E. G. | EITB MEDIA
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "memoriadun etorkizuna" aldarrikatu du, uste baitu ETAren biktimei eta, zehazki, Fernando Buesa politikari sozialistari eta Jorge Diez bizkartzainari egin dakiekeen omenaldirik onena delako. Buesa eta Diez duela 21 urte hil zituen ETAk. Hilketaren 20. urtemugaren harira, erakusketa prestatu zuen Fernando Buesa Fundazioak Hezkuntza sailburu eta legebiltzarkide izandakoaren omenez, eta Bilbon inauguratu dute gaur. "Buesa. Hitzaren balioa. Konpromisoaren balioa" erakusketa Gasteizen izan zen ikusgai iaz, Bizkaiko hiriburuan izango da irailean, eta Donostian erakutsiko dute gero.
Inaugurazioan Artolazabalek nabarmendu duenez, Buesa demokraziaren lehenengo mende laurdeneko Euskadiko politikaririk garrantzitsuenetako bat izan zen. Sailburuaren esanetan, garrantzitsua da haren ibilbide politiko eta pertsonala aldarrikatzea, erakusketak egiten duen bezala. "Izan ere, terroristak biktimei nortasuna eta gizatasuna kentzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu; ETAren ia mila biktimak pertsona gisa izan nahi ditugu gogoan, ez zerrenda beltz eta makabro bateko zoritxarreko zenbaki gisa bakarrik", azpimarratu du.
Memoriari buruzko politika publikoen arduraduna ere badenak gogorarazi du memoria erakundeen eta gizarte osoaren eskubidea ez ezik, betebeharra ere badela. Artolazabalen aburuz, "biktima guztiei eta Fernandoren memoriari egin diezaiekegun omenaldirik onena da etorkizuna eraikitzean egia eta herritarren konpromisoa, konpromiso demokratikoa eta etikoa esan nahi duen memorian oinarritzea; etorkizuna eta bizikidetza ere esan nahi duen memorian oinarritzea".
Bestalde, Artolazabalek adierazi du Eusko Jaurlaritzak memoriadun etorkizuna eraikitzeko konpromisoa duela, "pertsonaren duintasuna, terrorismoaren eta beste edozein indarkeria-adierazpenaren zentzugabekeriaren gaitzespenik eta deslegitimaziorik erradikalena eta giza eskubideen babes eta berme eraginkorra" baita.
Alde horretatik, "bakeak eta bizikidetzak esan nahi dute eragindako kaltea aitortzea eta erantzule zuzenek eta euren unibertso politikoak benetako autokritika zintzoa egitea", baita "Fernandoren eta Jorgeren hilketa bidegabea izan zela aitortzea ere; ETAren biktima bakoitzaren eta guztien hilketa bidegabea izan zela aitortzea ere", gaineratu du.
Artolazabalez gain, besteak beste, honakoak izan dira Bilboko inaugurazioan: Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea, Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria eta Marta Buesa Fernando Buesaren alaba eta Fundazioko patronatuko kidea.