Politika -
Komunikatua
Baltasar Garzon: 'Ez dut inolaz ere epaia onartzen'
Epailea 11 urterako kargugabetzea erabaki du Gorenak, eta Garzonek helegitea aurkeztuko duela iragarri du.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak ostegun honetan jakinarazitako epaia ez duela ''inolaz ere'' onartzen esan du Baltasar Garzon epaileak ohar batean. Garzon 11 urterako kargugabetzea erabaki du Gorenak, 'Gürtel auzi'ko entzuketak agintzeagatik, eta, erabaki horren aurrean, helegitea jarriko duela iragarri du Garzonek komunikabideei igorritako ohar horretan.Epaia ez dagoela froga eta arrazoi judizialetan oinarrituta esan du Garzonek. Gorenaren erabakiak ustelkeria eta horren inguruko delituak ikertzeko aukera guztiak bertan behera uzten dituela eta zigorgabetasunari ateak irekitzen dizkiola uste du. ''Epaile konkretu batekin bukatzeko nahiak Espainiako epaileen independentzia puskatu lezake'', gaineratu du epaileak.
Garzoni babesa, kaleetan
Ehunka manifestari bildu dira ostegun arratsalde honetan Madrilen, Solen, Garzoni babesa agertzeko. Epaileari elkartasuna adierazi diote, eta kargugabetzea dela-eta ''haserrea'' eta ''lotsa'' agertu dute manifestariek.
11 urteko kargugabetzea
Auzitegi Gorenak Baltasar Garzon epailea 11 urterako kargugabetzea erabaki du, Gürtel auziko entzuketak agintzeagatik, auzitegietatik jakinarazi dutenez. Garzonek berak Auzitegi Gorenaren egoitzan jaso du epaileen erabakia. 14:00etan, behin epaia ezagutu duenean, eraikinetik irten da eta ez du adierazpenik egin.
Joaquin Gimenez epailea da auzitegi horretako burua, eta epaiaren txostengilea Miguel Colmenero izan da. Colmenerorekin batera, Andrés Martínez Arrieta, Francisco Monterde, Juan Manuel Berdugo, Manuel Marchena eta Luciano Varela epaileek hartu dute azken erabakia.
2010eko maiatzetik Auzitegi Nazionaleanaritzeko inhabilitatuta dago Garzon, eta Gürtel auziko inputatuei etahaien abokatuei kartzelan ustez legez kanpoko entzuketak egiteagatikinputatu zuten.
Bere jardueraren alde egiteko, Garzonek esan zuen defentsa eskubidea urratu baino gehiago eskubide hori defendatu zuela.''Hausnarketa egin ondoren eta legeak zorroztasunez betez hartu ziren erabakiak'', esan zuen Garzonek.
Epaiaren gakoak
Gorenaren arabera, Francisco Correa Gürtel sareko arduradun nagusiak eta Pablo Crespo bere bigarrenak Soto del Realeko kartzelan abokatuekin izandako elkarrizketak grabatzea agintzean, bidegabe jokatu zuen Garzonek, eta inputatuen defentsarako eskubidea urratu zuen "horretarako baliozko arrazoirik izan gabe".
"Edozein modutan lortutako Justizia ez da benetako Justizia", dio epaiak. Horrez gain, Garzonek "gaur egun erregimen totalitarioetan egiten diren jarduerak" egin izana aitortu zuen, "horrelako erregimenetan denak balio baitu Estatuari interesatzen zaion informazioa lortzeko".
Aurrekoa ez da Gorenak Garzoni egiten dion gaitzespen bakarra. Epaiaren 68 orrietan Garzonek egindakoak oinarrizko eskubideak urratzen dituela nabarmentzen du, "ikerketa kriminal batek ez baitu edozein ekintza justifikatzen" eta "egia ezin daitekeelako edozein modutan lortu".
Beste epaiketak
'Gürtel auzi'ko entzuketena Auzitegi Nazionaleko epailearen aurkako lehenengo auzia izan da. Atzo bertan, Garzonen aurkako bigarren epaiketa bukatu zen (frankismoan izandako delituak ikertzeagatik auzipetu dute).