Politika -
Kontrol saioa
Rajoy: 'Langabeziaren egoera kritikoa da eta okerrera egingo du'
Espainiako Gobernuko presidenteak aurreratu du lan erreforma "zabala, sakona eta orekatua" izango dela. Defizita zeroan uzteak PSOErekin adostutako akordio konstituzionalarekin bat egiten duela dio.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak aitortu du langabeziaren egoera "kritikoa" dela, eta aurten txarrera egingo duela. Hori dela eta, lan erreforma "zabala, sakona eta orekatua" izango dela aurreratu du.
"Legegintzaldiaren abiapuntua ezin izan zen txarragoa izan", nabarmendu du Rajoyk, Kongresuan egindako agerraldian.
Nolanahi ere, Gobernuaren zeregina "egoerari buelta ematea" dela esan du, eta beraz, hainbat erreforma egingo dituztela iragarri du.
"Premiazkoena defizit publikoa murriztea da", ohartarazi du, eta lehen murrizketekin "sinesgarritasun krisiari" konponbidea eman nahi izan diotela erantsi du.
Horren harian, 2020 urterako defizita zeroan uztea PSOE oraindik Gobernuan zegoenean sinatu zuten akordio konstituzionalean aurreikusi zutela esan du Rajoyk, eta horrela zehazten duela Europako araudiak.
Aurrekontuen egonkortasunerako legearen aurreproiektuari kritika egin dio PSOEk; izan ere, 2020rako defizita % 0,4an adostu zela esan du, ez % 0an.
Jada atzo iragarri zuen PSOEk ez duela lege hori babestuko, aurreko Gobernuaren eta PPren arteko akordioa hausten duela iritzita.
Rajoyk, ordea, bere Gobernuaren plan ekonomikoak "galdutako denbora berreskuratzea" duela helburu adierazi du, "Europar Batasunarekin herrialdeak harturiko konpromisoak betetzeko", eta hori ez betetzeak "merkatuen presioa" eragiten duela uste du.
Bestalde, PSOEko buruzagiak, Alfredo Perez Rubalcabak, 2012. urteko aurrekontuak Kongresura "lehenbailehen" eramateko eskatu dio Mariano Rajoyri. Merkatuen "konfiantza" berreskuratzeko ezinbestekoa dela adierazi du, eta Andaluziako hauteskundeak pasatu arte ez itxaroteko exijitu dio.
Europako Batzordean hitz egindakoa azaltzeko gaur egiten ari diren kontrol-saioan, PPren politika ekonomikoa azaltzeko erabiltzen ari dela egotzi dio Rubalcabak sozialisten idazkari orokor bezala Rajorekin izan duen lehen "aurrez aurreko" eztabaidan.
Horregatik, "Jainkoak dioen bezala" eta denboraren mugarik gabe, politika ekonomikoaren inguruko beste eztabaida monografiko bat eskatu dio datorren asterako Rubalcabak.
Joan den urtarrilaren 30an Europar Batasuneko herrialdeek goi-bileran sinatu zuen akordio fiskala "zerga-doikuntzara" mugatzen dela eta hazkundea alde batera uzten dela esan du Rubalcabak.
Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak, BPGaren % 8ko defizit publikoa % 4,4ra urtebetean jaistea ezinezkoa dela esan du eta doikuntzaren politika modulatzeko Europar Batasunaren "pepito kilkerra" bilakatzeko eskatu dio Rajoyri.
Egonkortasunerako akordioan malgutasuna negoziatzeko eskatu dio Erkorekak, bestela, atzeraldian sakondu gabe defizit publikoa erdira jasitea "ezinezkoa" dela esan dio.
Eurobonuak martxan jartzeko eta Europako Banku Zentralak ekonomia suspertzeko paper aktibo bat bere gain hartzeko Europar Batasunean lehenbailehen kanpaina bat hasteko ere exijitu dio.
Rafael Larreina, Amaiurretik, hazkundearen alde ez egitea egotzi dio Gobernuari. "Estatuak zerbitzuen sektorean eta adreiluaren krisian murgilduta jarraitzen du", esan du. Larreinaren iritziz, ekonomia produktiboaren alde apustu egin behar da.
Josep Antoni Duran Lleida CIUko bozeramaileak Europar Batasunak bere kideei ezarritako defizit zorrotzagoa ezin zaiela erkidegoei ezarri ohartarazi dio Gobernuari.
Azkenik, Bruselak exijitzen duen defizitaren helburu "irreala" mantentzea "suizida" dela esan Rosa Diez UPyDko bozeramaileak. Europar Batasunean Felipe Gonzalezek eta Jose Maria Aznarrek egiten zuten modura borrokatzeko eskatu dio.