Politika -
Terrorismoaren aurkako Ahotsak
VCT biktimen elkarteak Josu Ternera atxilotzea eskatu du ETA bukatzeko
Jose Antonio Alcarazek Josu Ternera atxilotzeko eta ETArekiko negoziazioak bukatzeko eskatu du Estatuko Fiskaltza Nagusiari aurkeztutako idatzi batean. 2002tik dago ihes eginda Ternera.
Erredakzioa
Terrorismoaren aurkako Ahotsak (VCT) biktimen elkarteak Jose Antonio Urrutikoetxea "Josu Ternera" ETAko buruzagi ohia berehala atxilotzeko eskatu dio Estatuko Fiskaltza Nagusiari. Alcarazen iritziz, atxiloketa hori eginez, ETArekiko negoziazioa bukatuko litzateke eta ETAren amaiera izango litzateke hori.
Jose Antonio Alcaraz Terrorismoaren aurkako Ahotsak biktimen elkarteko presidenteak idatzi bat aurkeztu dio gaur Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiari, "Josu Ternera" atxilotzea eskatzeko; Ternera 2002tik ihes eginda dago. Zaragozako Guardi Zibilaren kuartel etxearen aurka egindako atentatuagatik epaitzea eskatu du Alcarazek. Hamaika pertsona hil ziren, horietatik bost haurrak, 1987ko abenduan izandako atentatuan.
Gaur aurkeztutako eskaeraz gain, 2002ko urriaren 14tik dago "Josu Ternera" bilatu eta atxilotzeko nazioarteko agindua. Jose Ramon Soriano Auzitegi Goreneko epaileak baldintzarik gabeko espetxealdia agindu zuen, kuartel etxe horren aurkako atentatuaren eragilea izatea egotzita.
"Estatuko fiskal nagusiak zantzu nahikoak ditu hiltzaile hori aurkitzea eta atxilotzea agintzeko", esan du gaur Alcarazek, hedabideek azken urteetan argitaratutako informazioen harira. Informazio horien arabera, Jesus Egiguren EAEko sozialisten presidenteak "Josu Ternera"rekin hainbat bilera egin dituela aitortu du.
2002tik ez da "Josu Ternera" atxilotzeko "borondate politikorik" izan, “PSOEko Gobernuak ETArekin abiatutako negoziazio prozesuaren gakoa izan delako”, esan du VcTko presidenteak.