Politika -

PSOEko zuzendaritza berria

Rubalcabak bilera bat eskatuko dio Rajoyri ETAri buruz hitz egiteko

Rubalcabak 38. Kongresu federaletik ateratako zuzendaritza berriaren lehen bilera zuzendu du. Ondoren prentsaurrekoan azaldu du oso pozik dagoela bileraren emaitzarekin.

Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia aukeratu ondoren eman duen lehen prentsaurrekoa. Efe.
Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia aukeratu ondoren eman duen lehen prentsaurrekoa. Efe.
Patxi Lopez gabe bildu da PSOEren zuzendaritza berria, Madrilen

01:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak batasuna indartzeko eskatu die Zuzendaritza Federaleko kideei. Halaber, zuzendaritza berria kide anitzekoa eta plurala baina "bakarra" dela esan die.

Rubalcabak 38. Kongresu Federalean izendatutako zuzendaritza berriaren lehen bilera zuzendu du. Ondoren prentsaurrekoan azaldu duenez, oso pozik dago bileraren emaitzarekin, oso batuta eta indartuta atera direlako.

"Erabat asmatu dugu", esan du PSOEko idazkari nagusiak. Rubalcabak adierazi duenez, lehen erabakien artean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari bilera bat eskatzea dago, ETAri buruz hitz egiteko eta sozialistek egingo duten oposizioa azaltzeko. Halaber, patronalarekin eta sindikatuekin biltzeko asmoa dauka, enpleguari buruz hitz egiteko.

Carme Chacon Defentsa ministro ohiaren hautagaitza lagundu zutenen artean piztutako ondoezaren harira, Rubalcabak argi utzi du bera dela inoiz PSCrekin harreman onena izan duen idazkari nagusia..

"Carme Chacon laguntzat daukat, noski", esan du. Ildo horretan, Rubalcabaren hitzetan, Defentsa ministro ohiak "etorkizun guztia du aurretik; nola ez, bada!".

Bestalde, Gobernuko Presidentziarako hautagaitzaren harira, ez du zehaztu bere burua aurkeztuko duen edo bere aukera Patxi Lopez lehendakaria izango den. Izan ere, Patxi Lopez "ezinbestekotzat" jo du Rubalcabak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea