Politika -
Omenaldia
Fernando Mugicaren familiak ETAren disoluzioa exijitu du
ETAk orain 16 urte Fernando Mugica Herzog hil zuen eta gaur bere familiak omenaldia egin dio Donostiako Polloe hilerrian.
Erredakzioa
Fernando Mugica Herzog PSOEren buruzagi historikoaren familiak ETAren disoluzioa exijitu du gaur, baita argitu gabe dauden hilketak argitzea edota terrorismoaren ondorioz "erbesteratuak" daudenen eskubide zibilak berreskuratzea ere.
ETAk orain 16 urte Fernando Mugica Herzog hil zuen eta gaur bere familiak omenaldia egin dio Donostiako Polloe hilerrian. PSEko hainbat kide joan dira ekitaldira, baita PPko eta UPyDko zenbait ordezkari ere.
"Gure aldarrikapena eta agenda argia da, erakundearen desegite eskaera, 314 hilketak argitzea eta erbestera alde egin zuten milaka pertsonen eskubide zibilak berreskuratzea dira Euskadin askatasuna antolatzeko benetazko exijentziak", esan du Jose Maria Mugicak.
Patxi Lopez lehendakariak babestutako espetxe politika malguago baten inguruan galdetuta, Jose Maria Mugicak "geure agenda eta aldarrikapenak ditugu", erantzun du. Halaber, bereak ez diren aldarrikapenetan sartzeari uko egin dio, axola zaizkionak arestian aipatutako hirurak direla argudiatuz. Hain zuzen, "Euskadin askatasuna finkatzeko benetazko" aldarrikapenak horiek direla erantsi du eta "beste gai batzuetarako Zigor Kodea dago, bere osotasunean ezarri behar dena eta ez zotz eginez".