Politika -
Eskualde hauteskundeak
Errepublikanoek ultraeskuina garaitu dute Frantzian, abstentzio datu historikoarekin
Marine Le Pen ultraeskuineko buruak ez du lortu Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdeko gobernua, eta RNk ez du ordezkaritzarik izango.
Agentziak | EITB Media
Les Republicains (LR) buru duen eskuin kontserbadoreen koalizioa gailendu da Frantziako eskualde hauteskundeetako bigarren itzulian. Marine Le Pen ultraeskuineko agintariak ez du lortu eskualde gobernurik, eta eskuineko zein ezkerreko alderdiek euren gotorlekuei eutsi diete.
Eskualde guztiak kontuan izanda, LRk bozen % 38 eskuratu ditu. Atzetik, Alderdi Sozialista (PS), ekologista eta ezkerreko beste formazioen elkargoak % 34,5eko babesa izan du, Ifop institutuaren aurreikuspenen arabera.
Rally Nacional (RN) ultraeskuineko alderdiaren porrota begi bistakoa izan da lehenengo aurreikuspenetatik. Inkesten arabera, Le Penek aukera bakarra zuen aurtengo hauteskundeetan: Proventza-Alpeak-Kosta Urdina (PACA) eskualdeko gobernua. Baina Reneud Muselierren alderdi kontserbadorea gailendu da bertan, bozen % 57 jasota. Lehenengo itzulian, Bilgune Nazionaleko Thierry Marianik lortu zuen boto gehien eskualde horretan. Oraingoan, ostera, % 43ko babesa baino ez du eskuratu.
Errepublika Martxanek, Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidentearen alderdiak, ez du lortu eskualde gobernurik. Hala, Gabriel Attal bozeramaileak esan du emaitzak "etsigarriak" direla. Adituen arabera, Macronen alderdiaren gainbeherak eragina izan dezake 2022an, presidenterako hauteskundeetan.
Inoizko abstentziorik handiena
Bigarren itzuli honetan, abstentzioa % 66koa izan da. 31,5 milioi frantziar ez dira hauteslekuetara joan. Bozketaren lehen itzulikoa (% 66,72) baino datu txikiagoa bada ere, oso esanguratsua da. Lehen itzuliko parte-hartze eskasarengatik kezkatuta, ordezkari politikoek bozkatzeko eskatu zieten herritarrei, baina eskari horrek ez du aldatu hautesleen jarrera.
Hauteskundeetako bi itzuliak kontuan izanda, abstentzioa historikoa izan da aurten; izan ere, 1958tik —egungo Errepublika sortu zenetik— inoiz ez da halako daturik izan. 2015eko eskualde hauteskundeetan % 41,5ekoa izan zen abstentzioa, eta 2010ekoetan, % 48,9koa.