Politika -
Zuzendaritzaren aurkezpena
EH Bilduk uste du Bizkaian "jauzi kualitatibo bat" emateko une egokia dela
Asier Vega, EH Bilduren Bizkaiko koordinatzailea, koalizioaren 10 urteko historiaz eta etorkizuneko erronkez aritu da Bilbon, zuzendaritza berriaren aurkezpen ekitaldian.
EITB Media | Agentziak
Asier Vega EH Bilduren Bizkaiko koordinatzaileak esan du lurralde horretan "dena irabazteko" dutela, eta "jauzi kualitatibo bat" emateko unea dela, "inflexio puntu batean" baitaude.
Zuzendaritza berria aurkezteko Bilboko Itsas Museoan egin duten ekitaldian, Vegak adierazi du Bizkaia lurralde anitza dela, eta "ñabardura, ikuspuntu eta mundua ulertzeko modu asko" onartzen dituela. Aipatutako aniztasun hori EH Bilduren zuzendaritza politiko berrian ere aurki daitekeela nabarmendu du koordinatzaileak.
EH Bilduren historiaren hamar urteetan "erabaki zuzenak, akatsak, tentsioak, une zoriontsuak eta latzagoak" izan direla azaldu du Vegak, baina, batez ere, "askorako balio izan duten 10 urte" izan direla.
Bizkaiko koordinatzaileak esan duenez, EH Bilduk "inork espero ez zuen" herrietan ordezkaritza izatea lortu du. "Pentsatu hemendik aurrera egin dezakegun guztian, gure proiektu politikoa sendoa da eta osasuntsu gaude, gero eta indartsuagoak gara Bizkaian", azpimarratu du Vegak.
"Bizkaia anitzagoa lortzeko pausoak emateko unea da, Bizkaia bidezkoagoa eta solidarioagoa, Basaurikoa moduko eraso homofoboak eta matxistak onartuko ez dituena", adierazi du EH Bilduren ordezkariak.
Vegaren ustez, koalizioak lortutako guztiak "proiektu politikoaren sorkuntza ereduarekin" du zerikusia; izan ere, hastapenetako ideiei helduta, koalizioak lortu du "bestelako sentsibilitate politikoekin" akordioak adostea.
Bada, Vegak esan du bere proiektu politikoa "entzute aktiboan" oinarritzen dela, "herriarekin eta herriarentzat" gobernatu nahi duela. Adibide gisa, Durangon hirigintza proiektu bat egiteko egin zuten kontsulta herrikoia aipatu du.
Ildo beretik, EH Bilduren koordinatzaileak berretsi du "Bizkaia eraikitzeko beste modu bat" badagoela, "pertsonen beharrei erantzungo diena, erabaki garrantzitsuetatik baztertu gabe". Hala, argi utzi du erakundeak ez direla gobernuarenak, "herritarrenak baizik".