Politika -
Barne-hauteskundeak
Ione Belarra nafarra, Podemoseko buruzagi berria
Hiritarren IV. Batzarrean 139.000 alderdikidek zuten botoa emateko eskubidea, horietatik 53 443k hartu dute parte, eta horietako 45 753k Belarra babestu dute.
EiTB Media | Agentziak
Ione Belarra nafarra, Eskubide Sozialen ministroa, Podemoseko idazkari nagusi berri izendatu dute, Pablo Iglesias ordezkatzeko. Alderdi moreko barne-hauteskundeetan bozen % 85,61 eskuratu ditu politikari iruindarrak.
Hiritarren IV. Batzarrean 139.000 alderdikidek zuten botoa emateko eskubidea, horietatik 53 443k hartu dute parte, eta horietako 45 753k Belarra babestu dute. Bilera Alcorconen (Madril) egin du alderdi moreak.
Horrela, Belarra Estatu mailako alderdi politiko bat zuzentzen duen aurreneko nafarra da, eta Podemosen aginduko duen lehen emakumea da. Iglesias gabe alderdi morearen garai berria zuzentzeko ardura izango du, itxuraz segida baten aldeko apustuarekin oraingoz, aurreko zuzendaritzan zeuden kargudun gehienak bere lantaldean dituelako.
Alderdikideek diotenez, "perfekzionista eta langilea da, eta bere estiloa % 100 Podemos da, oposizioa, eskuina eta PSOEren Gobernu kideak kritikatzeko tonu gogorrarekin, eta desadostasunak disimulurik gabe hitzez adierazteko gaitasunarekin, nahiz eta batzuek enpatia falta ikusi horretan".
Iglesiasek utzitako lekua betetzeko beste bi hautagai ari ziren Belarrarekin lehian, Fernando Barredo militante kritikoa eta Esteban Tettamanti San Lorenzo de El Escorialeko (Madril) zinegotzia.
Belarrarekin batera, haren zerrendako 97 pertsonak aukeratu dituzte Estatuko Hiritarren Kontseilua osatzeko, besteak beste, Irene Montero, Pablo Echenique, Isa Serra, Rafael Mayoral eta Juanma del Olmo.
Podemoseko idazkari nagusi berriaren lehen hitzak Pablo Iglesiasi zuzendu dizkio Ione Belarrak: "Eskerrik asko Pablo Iglesias, militante bat erabilgarriagoa den tokian egon behar dela irakasteagatik, eskerrik asko".
"Amets" egiteko eskatu dio Podemoseko idazkari nagusi berriak militantziari. Eskuinen "gorrotoaren" aurrean herrialde berri bat eta etorkizun hobe bat eraikitzeko lana exijitu die. Zentzu horretan, Colon plazako elkarretaratzea kritikatu du Belarrak: "Eskuinak berriz petrifikatu dira zuri-beltzeko argazki batean, Colon plazan".
Kataluniako politikarien aurkako protesta hizpide izan du Belarrak. PPk, Voxek eta Ciudadanosek manifestazioa babestu dute.
Alderdiaren ustelkeria aurpegiratu dio Podemoseko idazkari nagusiak Pablo Casado PPko buruzagiari. "Espainiak ez du oposizio mota hau merezi", azpimarratu du. "Herrialde hobe baten alde borrokatzearen poztasunaren aurrean, gaur eskuinak berriz petrifikatu dira zuri-beltzeko argazki batean, Colon plazan. Gorrotoa eta liskarra, ustelkeria eta pribilegioen defentsa, hori da politika egiteko ezagutzen duten modu bakarra", adierazi du.
Belarraren ahotan, Espainiak ez du merezi, "Casado jauna, epaileek ebatzi bezala, hamarkadetan zehar erakunde kriminal gisa jokatu duen alderdi politiko bat zuzentzeagatik kontuak eman beharrean, Colon plazara doa, lotsak estaltzeko eta Espainiako herrien artean liskarra eta gorrotoa zabaltzeko".
"Casado jauna, zuk Alderdi Popularraren ustelkeria estaltzea ezinezkoa da, nahiz eta bandera oso handia eraman edo plazetara joan. Jendea ez da ergela, eta Maria Dolores de Cospedalen botoei esker PPko presidentea zarela inor ez du ahaztu", salatu duenez.
Belarraren hitzetan, Colon plazako argazkian ultraeskuinaren presentzia "oso larria" da.
"Herriaren erronkei aurre egin behar diegu ultraeskuinaren normalizazio eta bultzada testuinguru batean murgildurik, gure demokraziaren oinarriak suntsitu nahian dabiltza. Baina oso argia izan nahi dut: ultraeskuinaren gorakada 10 urte martxan daraman garapen demokratikoari herri honetako botere sakonenek emandako erantzuna da", gogorarazi du, M15 mugimenduaren eztanda sozialari erreferentzia eginez.