Politika -
Donostian
ETAko presoei lege arrunta ezartzeko eskatu dio ezker abertzaleak PPri
Ezker abertzaleko ordezkarien hitzetan, ETAko presoei legedi arrunta ezarriz "prozesuaren trabak desagertzen hasiko lirateke".
Erredakzioa
Ezker abertzaleak ETAko presoei espetxeetako legedi arrunta ezartzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari; izan ere, neurri horien bidez "trabak arintzen hasiko lirateke, aparteko ezer egin gabe".
Horrela, "immobilismoaren lubakia uzteko" eta "gatazka konpontzeko agente eraginkorra bihurtzeko" eskatu diote.
Ezker abertzaleko ordezkarien hitzetan, presoen sakabanaketa eta bestelako "salbuespen neurriak" gaur egun legedia aldatu barik gelditu daitezke bertan behera; izan ere, "azken 20 urteotan, Espainiako Gobernuko ordezkariek legea bihurritu dute".
Maribi Ugarteburu eta Niko Moreno ezker abertzaleko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur, Donostian, egoera politikoaren balorazioa egiteko, ETAk 2011ko urtarrilaren 11n su-etena iragarri zueneko urteurrena beteko denean.
Ildo horretan, "arduraz eta egoerak eskatzen duen maila emanda immobilismoaren lubakia uzteko” eta "euskal herritarren aldarrikapen demokratikoei jaramon egiteko" deia egin diote PPko Gobernuari.
Halaber, Gernikako eta Aieteko adierazpenak bereganatzeko eta "gatazka behin-betiko konpontzeko agente aktiboa bihurtzeko" eskatu diote.