Politika -
Bere blogean
Urkulluk autogobernua babestu du Rajoyren 'berzentralizazioaren' aurka
Jeltzaleen liderrak bere blogean onartu duenez, hedabideen bidez jakin zuen Rajoyk otsailean berarekin biltzeko asmoa zuela.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak autogobernua babestu du Mariano Rajoyren Gobernuaren "politika berzentralizatzailea"ren aurrean. Urkulluren hitzetan, politika horrek erkidegoen sistema "zalantzan" jartzen du.
Bere blogean publikatutako artikuluan, Urkullu kezkatuta agertzen da Luis de Guindos Ekonomia ministroaren proposamenaz ari denean; erkidegoen aurrekontuak aurretiaz kontrolatzeko lege bat onartzea, alegia.
"Azken hiru hamarkadetan autogobernuak ongizatea dakarrela argi geratu den arren, PP kontrako norabidea hartzen ari da", salatu du jeltzaleak.
EAJko presidentearen ustez, PP "tematuta" dago doitze-neurriak erkidegoen "neurrigabeko defizita"ren ondoriotzat jotzean, erkidego gehienak PPren eskuetan daudela eta egon direla kontuan izan gabe.
"Bidegabeko" neurriak
Urkulluren hitzetan, Gobernuaren doitze-neurriak osatu gabe daude, ez baitute suspertzeko ekintzarik aurreikusten. Horrez gain "bidegabeak" ere dira, zerga-igoera orokor bat eskarri dutelako.
Aurrekoez gain, politiko jeltzaleak onartu egin du hedabideen bidez jakin duela Rajoyk otsailean berarekin biltzeko asmoa duela. Bilera horretan komentatuko dituen gaien artean, bakegintza eta elkarbizitza, krisi ekonomikoa, erabakitako neurriak eta euskal autogobernuaren garapena eta eguneratzea aipatu ditu.