Politika -
PPren jardunbideen aurkezpena
'ETA desagertzeko batera egoteko' gonbita egin die PPk EAJ eta PSEri
ETAko presoak hurbiltzearen inguruan, Antonio Basagoitik "lehentasuna" taldearen desagerpena lortzea dela esan du.
Erredakzioa
EAEko PPko presidenteak, Antonio Basagoitik, gonbita egin die EAJri eta PSEri, ETAri "desegitea eta armak uztea" eskatzeko eta bide hori "batera" egiteko.
PPk 2012rako Euskadin zer jardunbide izango dituen aurkezteko egin duen prentsaurrekoan egon da Basagoiti, Nerea Llanos eta Antón Damborenea legebiltzarkideekin batera.
"ETAk egin duen mina argi uzteko ere bidea batera egiteko" eskatu die EAJri eta PSEri, izan ere, "ezinbestekoa da berriz ere ETA inork ez legitimatzeko eta etorkizunean inork horrelakorik ez defendatzeko".
"Aro itxaropentsu honetan, demokratek hartu behar dugu buruzagitza, ezkerrekoak, eskuinekoak, nazionalistak edo ez nazionalistak ez diren funtsezko oinarriak finkatzeko, hau da, elkarbizitzarako oinarriak zehazteko", esan du Basagoitik.
ETAko presoak hurbiltzeari buruz, "lehentasuna" ETAren desagerpena lortzea dela berretsi du, eta beste guztia "besteen agenda da", adierazi du, ezker abertzaleari aipamen eginez.
PP-PSE akordioren egoerari buruz, "popularrak hitzeko euskal herritarrak" direla esan du Basagoitik eta Patxi Lopez lehendakariari babesa ematen jarraituko dutela adierazi du, nahiz eta koaliziozko akordioa baino gehiago Legebiltzarreko akordioa dela esan duen; hau da, argi utzi nahi izan du beste indar batzuekin, EAJrekin esaterako, itunak sinatu ditzaketela.