Politika -

Txostena

Lehendakariaren Gabon zaharreko mezu osoa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabon guztioi.

Gaur bukatzen da denontzat urte gogorra.

Lehenik, txarto pasatzen ari direnak gogoratu nahi ditut; lanpostua galdu dutenak, enpresa aurrera atera ezinik ari direnak eta larri ari diren dendari eta merkatari guztiak.

Gaixo daudenei, etxetik kanpo daudenei, hurbileko norbait galdu dutenei; horiei guztiei nire elkartasuna adierazi nahi diet.

Oroitzapen berezi bat nahi diet eskaini bortizkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta baita beste edozein indarkeria jasaten dutenei ere.

Pozezko eta itxaropenezko urtea ere izan da ordea. Hauexek ditugu terrorismorik gabeko aurreneko Eguberriak: askatasunak irabazi du eta egi bihurtu da euskal hiritarren ametsik handiena.

Oinazea eta sufrimendua erruz kostatu zaigu. Terrorismoak erail dituen pertsona guztiak ere nahi ditut gogoratu, euren oroitzapena eta memoria ez dadin betiko galdu.

Eskerrak eman nahi dizkiet Euskadin demokrazia, askatasuna eta autogobernua defendatu duten pertsona guztiei. Euskal gizartea harro egon behar da arlo guztietako milaka pertsonek bakea, askatasuna eta tolerantzia defendatu dutelako inoiz etsi gabe, askatasuna eta demokraziaren deia bizia mantenduz.

Bai. Aurten askatasun berria eskuratu dugu; nabari da gure kaleetan, harremanetan eta gizarte osoan.

Lehendakari legez, nire helburu nagusia eta lehena, nire amesgaiztorik larriena, ETArekin amaitzea izan da; eta lortu dugu.

Orain elkarbizitza sendotu behar dugu, biktimei laguntza eman eta balore demokratikoak indartu, inoiz horrelakorik berriz ere gerta ez dakigun. Hau da guztion artean daukagun egitekoa.

Esan bezala, urte gogorra izan dugu ekonomia arloan. Espekulatzaileek, herrialdeen zorra garestitu dute, baliabide publiko ugari euren eskuetara eramanez eta gobernuei ekonomia eta familiak laguntzeko errekurtsoak murriztuz.

Euskadin ere jasan dugu neurrigabe eraso hau baina zorionez inguruan baino hobeto gaude: gutxiagorekin gehiago egiteko gai izan gara. Gastuen lehentasunak ondo finkatuz zerbitzu publikoak mantendu ditugu eta gure langabezia Europako lehen herrialdeen parekoa da.

Gure enpresak inoiz ez bezala ari dira mundura ateratzen. Euskal ekonomiak badaki bere lekua bilatzen merkatu globalean. Berrikuntza eta ikerketa ari gara bultzatzen gure enpresetan eta gure unibertsitateetan. Lehen aldiz, Barne Produktu Gordineko %2tik gora erabili dugu horretarako.

Irakaskuntza modernotasun berrira ari gara eramaten. Eskola 2.0 eguneroko gauza da dagoeneko gure eskoletan. Hiru elebitasuna da Euskadik globaltasunari ematen dion erantzuna.

Erreforma handi bat ari gara, osasun zerbitzuetan egiten gaixoak hobeto artatzeko, gaixo kronikoak eta adineko pertsonak batez ere.

Abiadura handiko Trenari abiadura eman diogu.

Langabezian daudenei laguntzeko zerbitzu berria jarri diegu martxan.

Kulturak ekimen berritzaileekin indar berria hartu du.

Gure historia osoan egin den ahalegin handiena egin dugu pertsona ahulenak babesteko.

Eta gu gara enplegu publiko eta zerbitzu publikoak mantentzen ditugun Erkide Autonomo bakarra.

Beren lan eta ardura handia nahi dizkiet funtzionarioei eskertu, eurak baitira zerbitzu publikoen benetako bermea.

Eta orain 2012. urtean sartzen gara. Pertsonek behar dute izan helburu nagusia urte honetan.

Elkartasunaren eta batasunaren urtea izango da hurrengoa. Guztiok indarrak batu behar ditugu krisialditik irteteko eta inor bazterrean geratu ez dadin.

Gure erronka nagusia lanpostuak sortzea izango da.

Enplegurik gabeko milaka gazte horiei, iraupen luzeko langabeei irteera bat eskaini behar diegu denon artean. Gure enpresak iraun eta hobetu dezaten lagundu behar ditugu eta baita ere gure ekintzaileek aukerak izan ditzaten euren proiektuak aurrera ateratzeko.

Eta urteko lehen zatian horixe lortzeko neurriak hartuko ditugu.

Eta datorren urteak ondasuna hobeto banatzeko ere baliagarri izan behar du.

Gure zerga sistema hobetu behar dugu guztiek ordain dezaten, beti ere gehiago dutenek gehiago ordainduz. Zerga iruzurrari aurre egiteko ahalegin handiagoa eginez legediko hutsuneak eta gabeziak aldatuz zenbaitzuek gutxiago ordaintzeko erabil ez ditzaten.

Nomina baten menpe dagoen jendea Euskadiko zerga bilketaren erantzule neurriz kanpokoa izan ez dadin.

2012. urteak Europan ekonomia politikak aldatzeko ere baliagarri izan behar du: orain defizita kentzea da helburu bakarra, baina inbertsioak bultzatzeko eta gure ekonomia indartzeko politika publikoak behar ditugu.

Datorkigun urtea Gasteizeko Green Kapitalaren urtea ere izango da. Lortu dugun arrakasta hau jasangarritasun politikak mantentzeko baliagarri izan behar da eta baita ere turismoak goraka egin dezan, azken bi urteotan bezalaxe.

Laburbilduz, 2012an nahi nuke gure indar guztiak elkartzea Euskadi krisialditik ateratzeko eta askatasuna eta elkarbizitza sendotzeko.

Hauek dira Euskadik eta euskal gizarteak dituen erronka nagusiak. Eta ziur nago gainera, guztiok bat egiten dugula helburu hauen inguruan.

Eta batez ere badakit bidezko diren desberdintasunak gaindituz, indarrak batzen baditugu lortuko dugula.

Zorionak eta urte berri on!

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea